Síguenos en redes sociales:

Enbaxadore kulturaren hodeiertzean esaldia

Euskal Herrian nahiz mundu zabalean, zabaltzaileak badituzte euskal sortzaileek eta euskarak. Horietako hiru elkartu ditu egunkari honek, postu baten atzean, Durangoko Liburu eta Disko Azokan. testua Joseba Imaz argazkia Jose Mari Martinez

XABIER Mendiguren Elizegi idazlearen ustez, euskal letrek eta kulturak badituzte enbaxadoreak munduan zehar -misiolariez gain-. Hala zioen orain dela hilabete, Or-tzadar kultura astekarian argitaratutako artikuluan: "Kanpora joandako herrikideak batzuk, bizileku duten lurraldean beren sorterriaren berri zabaldu nahi dutenak; edo Euskal Herrira etorritakoak beste batzuk, bertan laketu, euskaldundu, eta gure herriko kultura zabaltzen laguntzen ari direnak". Euskarazko liburuak itzultzen dituztenez ari zen autore beasaindarra, batetik; bestetik, itzulpen horiek munduan zehar zabaltzen diharduten argitaletxeez.

Mendiguren Elizegiren arrastoari jarraituz, zabaltzaile horien peskizan jardun ondoren, posible izan da Durangoko Azokan adibide batzuk aurkitzea. Zerrenda luzea bada ere, ez da zaila izan honako hirurekin topo egitea: Petra Elser, Arnold Bruns eta Roberto Serrano. Ruper Ordorikak musikatutako Sarrionandiaren poeman bezala, enbaxadore dira hodeiertzean. Euskararen horizontean.

alemana

Petra Elser eta Arnold Bruns

Euskal eta alemaniar hizkuntzen arteko harremanak bultzatzeko sortutako elkartea da Euskalema. Landako Gunean, bi hizkuntzen arteko itzulpenak errazten dituen hiztegi bat eta hainbat liburu erakusgai dituen postu baten atzean, hantxe kokatu dira Petra Elser eta Arnold Bruns. Alemaniarrak biak. Aspaldian gipuzkoartutako itzultzailea, lehena; Paul-Rugenstein argitaletxeko ordezkaria, bestea. Herrialde germaniarreko etxea izan zen, beste zenbait erakunderekin elkarlanean, 2007an Zubiak ekimena martxan jarri zuena. Ordutik, alemanez eman dituzte bilduma horretan euskal literaturaren hainbat perla.

Zubi lan horren baitan, lau liburu itzuli ditu jada Petra Elserrek. Kilkerren hotsa (Edorta Jimenez), Rock"n"roll (Aingeru Epalza), Pasaia blues (Harkaitz Cano) eta Lagun izoztuak (Joseba Sarrionandia).

Euskal Herriarekiko interesa militantzia politikoak sortu bazion ere, arrazoi pertsonalak zirela eta ikasi zuen euskara Elserrek. Urnietan bizi da gaur egun. Itzulpen horiek egitea "zaila" izan dela aitortzen du, alemanetik euskarara ekarritako "erreferentzia gutxi" daudelako. "Ez dakizu non oinarritu, baina eskema horiek denborarekin hartzen dira. Euskalkien kontua ere hor dago. Euskal literatura oso aberatsa da arlo horretan. Rock"n"roll liburuan, adibidez, nafarrerazko hitz asko daude eta hori kostatu egiten zait, nik batua ikasi dudalako", sakondu du.

Itzultzaile alemaniarrak "konszienteki" betetzen du enbaxadore papera, hori baita Euskalemaren helburua. Zubi lan hori egiteko, gainera, euskal idazleekin batera bidaiak antolatu ohi dituzte Alemaniara. Euskal etxe, unibertsitate eta an-tzeko erakundeetan euskal irakurleak bilatu eta topaketak antolatzen dituzte.

Euskarazko kulturak, ondare eta ezaugarri "propioak" izaki, "asko duela emateko" uste du Elserrek. "Bertako bizimodua eta hizkuntza islatzeaz gain, idazleek literaturari egindako aportazioa erakus dezakete", iritzi dio itzultzaileak.

Horregatik, Paul-Rugenstein etxeko editoreak askotan izan dira Durangoko Azokan. Baita aurten ere. "Urteko argitalpenak ikusi, zer gai jorratzen diren aztertu... Ez dago alderik gauzak katalogoan ikustetik", argitu dute alemaniarrek. Lan horren ondorio, 2010ean Zubiak bildumak alerik eman ez badu ere, datorren urterako bi lan prestatzen ari dira. Elserrek, adibidez, Laura Mintegiren Ecce Homo alemanera itzuliko du. "2012rako agian literaturaz aparteko beste zerbait izan daiteke", aurreratu dute.

ERrusiera

Roberto Serrano

www.gernika.ru webgunera sartu eta boteprontoan konturatzen da bat Gernika proiektuaren nondik norakoaz: "Errusian euskal kulturaz dagoen interesa asetzea". Hala adierazi du Roberto Serrano hizkuntzalariak, ekimenaren sustatzaileetako batek -Roman Ignatiev etnografoaz (Mosku) eta Yuri Zytsarrez ohorezko euskaltzainaz (Peterburgo) gain-. "Arrakasta handia duen" aldizkari elektronikoa sortu zuten orain dela bi urte: laster 200.000 bisitara iritsiko da. "Momentu honetan idazten baduzu euskal kulturarekin zerikusia daukan edozer, lehenengo hamar erantzunen artean Gernika agertzen da", azaleratu du Serranok.

Euskarazko narrazioak eskain-tzeaz gain, gastronomiaren arloa ere jorratzen dute ekimen honetan. Dena euskaraz eta errusieraz eskaintzen dute eta proiektu asko dituzte buruan: turismo gida, errezeta bilduma, Nafarroako Erreinuaren historia... "Sobietarren garaian euskal literaturatik itzuli ziren lanak berreskuratu nahi ditugu: hala nola, Pio Barojaren bizpahiru nobela, Unamuno, Ramiro Pinilla...", gaineratu du hizkuntzalariak.

Hanka bat Laudion eta bestea Pe-terburgon duen enbaxadore honek dioenez, Gizarte Zientzietako ikasleak dituzte jomuga: "Etorkizuneko hizkuntzalariak, etnografoak, politikoak, historiagileak, soziologoak... -ilustratu du-. Hizkuntzak erakar-tzen ditu gehien, zalantzarik gabe".