Donostia. Joxean Agirre idazlearen proiektu batek irabazi du Ondarroako Udalak eta Elkar argitaletxeak antolatzen duten Augustin Zubikarai saria. Deialdi honetan aurkeztutako bederatzi proposamenen artean, autore azpeitiarraren Zwei frauen ekimena aukeratu du Leire Bilbaok, Xabier Mendigurenek eta Ana Urkizak osaturiko epaimahaiak.

Proiektua gauzatzeko garaian, literatura bera eta bikote bizitza hartuko ditu gai nagusitzat Joxean Agirrek. Lau parte izango ditu lanak, lau "imitazio" egileak dioen legez, bakoitzean idazle baten eragina edo itzala sumatuko baita: Bertrand Morane, Dostoievski, Robert Walser eta Mario Levrero -biak hirugarrenean-, eta Max Frisch.

Aurreko bederatzi urteetan nobela laburrentzako lehiaketa izan den Augustin Zubikarai saria, 2010etik aurrera formatua aldatu eta nobelak sortzeko beka bihurtu da. Lehen deialdi honetan nagusitu da idazle azpeitiarraren proposamena.

idazkera Epaimahaiak "proiektuaren interesa eta balio intelektuala" nabarmendu ditu, batetik, eta aurkeztutako laginaren "idazkera malgu eta sujerikorra, umorea eta sen-tsualtasuna uztartzen dituena", bestetik. Orain, urtebete izango du egile sarituak bere asmoa biribiltzeko, eta 2011ko urte hondarrean kaleratuko du Elkar argitaletxeak lan amaitua. Bestalde, Ondarroako Udalak eta Elkar argitaletxeak martxan dute dagoeneko Augustin Zubikarai sari honen hurrengo deialdia, eta 2011ko irailaren 1a arte aurkeztu ahal izango dira nobela proiektuak Ondarroako Udaletxean.

Joxean Agirre 1949an jaio zen Azpeitian eta Zarautzen bizi da gaur egun. Soziologoa da ikasketaz eta kazetaria lanbidez, hainbat komunikabidetan jarduna, kultur gaiak landuz ia beti. Literaturan, obra labur baina guztiz estimatua osatu du azken bi hamarkadetan idatzitako eleberriekin: Gizon bat bilutsik pasiloan barrena, Elgeta, Romain zen bere izena eta La lutte finale.