Beste urte batez, eta honekin hemeretzi dira dagoeneko, Jostaldi pilotalekuak Hondarribia Grand Slam jaialdia hartuko du uda honetan. Jai Alivek eta Hondarribiko Pilota Eskolak bultzatutako ekimenak, Hondarribiko Udala eta Gipuzkoako Foru Aldundia bidelagun dituela, guztira bederatzi saio eskainiko ditu, beti ostiraletan, 20.00etan.

Jai Alive enpresako Mikel Egigurenek aurkezpenean nabarmendu zuen “pozez betetzen gaitu gaur hemen egotea 2025eko Hondarribi Grand Slamaren aurkezpenean. 2007tik urtero egin den txapelketa da eta Hondarribi erreferente bezela jarri du pilotan”. Egigurenek aurreratu zuen aurten berrikuntza garrantzitsuak izango direla, eta bat nabarmendu zuen bereziki: “Lehen aldiz bi hondarribitar izango ditugu txapelketan. Julen Basterra jadanik erreferente bat da guretzako, profesional bezala Miamin egon dena, baina azpimarratu nahi dugu Oier Kanpandegiren debuta txapelketan. Munduko aurrelari top batekin egingo du bikote, Erik Mendizabalekin”.

Maila altuko txapelketa

Egigurenek gaineratu zuen eskolak pixkanaka bere fruituak ematen ari dituela, eta gizonezkoen txapelketa "urtero bezala", oso maila altuarekin datorrela, parte-hartzaileen artean beteranoak eta gazte promesak izango direlarik. Horien artean nabarmendu zuen “Ortzi Aldazabal Argoitia, 18 urteko atzelari berritxuarra”.

Emakumeen txapelketari dagokionez, Master Series-ean munduko neska onenak izango direla iragarri zuen, tartean Erika Mugartegi eta Arai Lejardi, gaur egungo munduko txapeldunak eta 2025eko nazio ligako garaileak. Haiekin batera, beste hainbat pilotari gazte ere lehiatuko dira: Tania Mayorga mexikarra, Naroa Merino tolosarra eta Laura Rodriguez noaintarra, besteak beste.

Igor Emparan Hondarribiko alkateak jaialdiaren garrantzia azpimarratu zuen: “Bereziki pozgarria da hemen pelotari emakumezkoak eta gizonezkoak ikustea. Ohiturazko topaleku bat bihurtu da Hondarribian Jai Alaieko gertakizun hau. Jaialdi hau herriaren eraldaketa bat suposatu du, gure pilota eskolaren gorapen bat suposatu du eta. Gainera, nazioarteko ekitaldi batean hondarribiar diren bi pilotarien presentzia nabarmendu beharrekoa da, ohore bat delako, jakina”.

Bestalde, Azahara Domínguez, Gipuzkoako Turismo diputatuak, ekimenaren balio turistikoa nabarmendu zuen: “Horrelako ekimenak funtsezkoak dira Gipuzkoa turismo-helmuga berezi gisa izaten jarraitzeko, izaeraz betetako eta nortasun propioa duena. Turistek ezaugarri hauek inoiz baino gehiago bilatzen dituzte. Gipuzkoan, zorionez, gure eskaintza turistikoa ezin hobeto egokitzen da horretara”.

Txapelketaren egutegia

Egutegiari dagokionez, denboraldia gaur bertan hasiko da, eta lehen saioan Hondarribiko pilotariak izango dira protagonistak: Txanika-Bereauk eta Zamora-Kanpandegik estelarra jokatuko dute.

Datorren ostiralean, uztailaren 25ean, Grand Slam txapelketa abiatuko da, ligaxkako lehen partiduarekin: Erik-Kanpandegi vs Arbe-Argoitia.

Abuztuaren 1ean, Hormaetxea-Bailo eta Bixente-Atain neurtuko dira;, abuztuaren 8an, Erik-Kanpandegi eta Victor-Oyhenard izango dira aurrez aurre eta 15ean, berriz, Arbe-Argoitia eta Victor-Oyhenard.

Abuztuaren 22an, emakumeen lehen finalaurrekoa jokatuko da: Tania-Arai vs Lur-Laura. Egun berean, 21:00etan, Txanika-Salegi eta Hormaetxea-Bailo lehiatuko dira.

Abuztuaren 29an, azken jardunaldian, Naroa-Alizek Erika-Giselaren aurka jokatuko dute, eta ondoren, Bixente-Atain eta Txanika-Salegi izango dira aurrez aurre.

Grand Slam-aren finalaurreak irailaren 12an jokatuko dira, eta emakumeen zein gizonen finalak, irailaren 19an izango dira.

Sarrerak Jai Alaive enpresaren webgunean daude eskuragarri, baita Arma Plazan eta frontoiko lehiatilan ere. Prezioak honakoak dira: ligaxkako partidak 10 euro, finalaurrekoak 12 euro eta finala 15 euro.