Egunean Behin galdera-erantzunen jokoa bost urte betetzear da, eta ibilbide honetan 220.000 jokalari ezberdin baino gehiagok 50 milioi partida baino gehiago jokatu dituzte. Jokoak denboraldiak ditu, eta guztira, 160 aste egon da martxan. Pandemia aurreko urtean plazaratu zuen jokoa CodeSyntax enpresa eibartarrak, "adin eta jatorri guztietako jokalariak erakarriz". Ostiral honetan argitaratu duenez, "bere sinpletasunak, dibertimenduarekin eta galdera eta erantzunen erronkarekin batera, Egunean Behin gizarte bileren, jaien eta familia ekitaldien artean denbora-pasa gogokoenetarikoa bihurtu du".

"Pozik gaude Egunean Behin bost urte ospatzeaz eta urteetan zehar nola hazi eta garatu den ikusteaz", adierazi du jokoaren sortzaileetako bat den Josu Azpillagak. Bere hitzetan, "hasieratik, gure helburua jokalari guztiei esperientzia dibertigarri eta hezitzaile bat eskaintzea izan da, eta gure jokalari-komunitatearen etengabeko babesagatik eskertuta gaude".

Bost urte hauetan, 50 milioi partidatik gora jokatu dira, "Egunean Behin askok maite duten denbora-pasa dela erakutsi du, lotura sozialak sendotuz eta erronka intelektualaren bidez lagunartea sustatuz".

Sari bereziak ospatzeko

Bost urte ez dira egunero betetzen. Horregatik, CodeSyntax enpresak hainbat zozketa berezi, sari zirraragarri (Patxi Huarte Zaldieroa marrazkilariaren kamiseta esklusiboak bezala), eta jokalarientzako galdera berriak antolatu ditu, eta jokoaren sortzaileen ezaguera gehitzeko aukerak barne.

Munduko 45 herrialdetatik

Euskal Herria bertatik sartzen diren jokalarietaz aparte, mundu osoko 45 herrialde ezberdinetan kokatuta zeuden jokalari euskaldunak parte hartu dute ere bai, Egunean Behin aplikazioaren sortzaileek adierazi dutenez. Are gehiago, euskaraz gain, galesez (Cwis Bob Dydd) eta katalanez (Un Cop al dia) jokatzeko aukera zabaldu da.

50.000 galderatik hasi eta...

Duela bost urte martxan jarri zenean, Egunean Behin jokoak 50.000 galdera inguru zituen, 50 kategoriatan sailkatuak, baina etengabe galdera berriak sartu dizkiote. Horretarako, modu desberdinak garatu dituzte: alde batetik, modu automatikoan, zenbait webgunek dituzten datu baseetatik hartuta: Wikipediatik edo, modu automatikoan, Twitterretik galderak sortuta.

Jokalariek hainbat galderatan lekuak asmatu behar dituzte. Hauetan, Panoramio izeneko webgunetik eskuratu zituzten hamaika tokitako argazkiak. Eta azkenik, eskuz sortutako galderak, askotan gaurkotasunari lotutakoak, garrantzi handia ematen baitiote CodeSyntaxeko garatzaileek Egunean Behin egunerokoari lotuta dagoen jokua izatea.