Tourraren hasiera Euskal Herrian izango da aurten eta, momentu historiko hori baliatuz, EITBk eta Kutxabankek 60.000 ikurrin inguru banatuko dituzte ostegun honetatik aurrera herritarren artean. Bi erakundeek Eusko Jaurlaritzaren Euskadi Basque Country markaren laguntzarekin abiatu dute proiektua, "txirrindularitzak eta Tourrak Euskal Herrian pizten duten grina mundu osoan zabaltzeko" helburuarekin.

Inés Monguilot Kutxabankeko Marketin eta Publizitateko zuzendariak eta Luis Manuel Martin EITBko Promozio eta Irudi buruak aurkeztu dute Bilbon ekintzaren jarduera nolakoa izango den. Kutxabank ostegun honetatik hasi da banderak banatzen, Tourra igaroko den herri eta hirietako bulegoetan hain zuzen ere. Bere aldetik, EITB ekainaren 26tik aurrera hasiko da banaketa-guneak jartzen Euskal Herriko leku desberdinetan. Donostian ekainak 28an egongo dira, Alderdi Ederren.

Banatuko diren Ikurrinak, herritarrak jasotzeko prest N.G.

Monguiloten arabera, "Euskadi ez ezik, Kutxabank ere gure herrialdeko finantza-erreferentziako erakunde gisa kokatu" nahi dute. Horregatik, "mugarri historiko honetan" erakundeak babestu dituztela dio. “Ikurrinak irudikatzen duen sinbolismo horren bidez, ongietorria eman nahi diegu hona hurbiltzen diren guztiei”, adierazi du Kutxabankeko Marketina eta Publizitateko zuzendariak.

Bestalde, Luis Manuel Martinek esan du "une historiko hau" ospatzeko abian jarri dutela ekimena. “Tourra munduko txirrindularitza lasterketarik garrantzitsuena da, eta euskal zaleek inoiz baino pasio handiagoarekin animatuko dute lasterketa”, azaldu du proiektuaren aurkezpenean. “Beste behin ere ikurrinez bete nahi ditugu kaleak, balkoiak eta errepideak. Emozio bihurtu den zaletasun hau mundu osora zabaltzea" nahi dutela ziurtatu du EITBko Promozio eta Irudi buruak.

Donostiaz aparte, EITBk Euskal Herriko beste leku batzuetan ere banatuko ditu Ikurrinak: ekainaren 26an Gasteizen, 27an Zornotzan eta 29an Bilbon. Gainera, Bizkaiko hiriburuko Tourreko Fan Park gunean ekainaren 29an, 30ean eta uztailaren 1ean eskuratu ahal izango dira banderak.