Gure alaba nagusia Euskal Udalekuetara joan zen lehen aldian, 2019an, eraldatuta itzuli zen. 15 egunetan hazi egin zen, eta ez fisikoki bakarrik; arrunt pozik zetorren, hunkituta eta bere abenturak kontatzeko gogo handiz; ezin genion jarraitu horren azkar hitz egiten zuen. Lagun anitz egin zituen, Euskal Herriko txoko guztietakoak, eta une magikoak bizi: ibilaldiak naturan, dibertsioa barra-barra, gaualdi amaigabeak. Hitz zoragarriak besterik ez zuen begiraleei buruz; izan ere, handitan berak ere begirale izan nahi zuela esan zigun. Eta hori zioen, nahiz eta "lan eginarazi" zieten egunero: mahaia jarri, komunak garbitu eta abar. Ondoren, beste bost urtetan errepikatu du. Eta baita gure alaba gazteena ere, poz-pozik bueltatu zen Bernedotik, autobusetik jaitsitakoan begiraleei emandako besarkada amaigabeak gogoratzen ditugu.
Behin, alaba nagusiaren bila joan behar izan genuen Bernedora, udalekua amaitu baino ordu batzuk lehenago, familia hitzordu bat genuelako. Begirale gehienak garbiketa lanetan ari ziren, eta beste batzuk haurrekin igerilekuan azken goiza partekatzen. Oso momentu berezi baten lekuko izan ginen. Talde osoa, haurrak eta begiraleak, korrika hurbildu zen alaba agurtzera, abesti, malko eta besarkada artean; une benetan hunkigarria izan zen, gu ere udalekuaren parte izango bagina bezala. Lan boluntarioa eta ekarpen handia egiten zutela jakitun, begirale bati eskerrak eman genizkion. Eta haren erantzunak harritu gintuen: "Milesker zuei, konfiantzagatik".
Irakurlearen gutuna
Zure Irakurlearen Gutuna bidali nahiko bazenu, gehienez 30 lerrokoa izan beharko da eta sinatua egon. Igorlearen NANaren kopia erantsi beharko da, baita telefono zenbakia ere bai. NOTICIAS DE GIPUZKOA egunkariak argitaratzeko eskubidea gordetzen du, baita laburtzearena ere. Gutunak cartas@noticiasdegipuzkoa.eus helbidera bidali.
Guraso bezala ikusi duguna da begiraleek alabak zaindu eta entzun dituztela, eta beren denbora eskaini eta ahaleginak egin dituztela udalekuetan haurrek eta gazteek esperientzia paregabea bizi dezaten, halaber, munduari so egiteko eta mundua habitatzeko beste molde batzuk daudela erakusteko.