Lanxess Arenako sabeletan hirugarren posturako Nantes eta Barçaren lehia bukatu berritan, Kauldi Odriozola zumaiarra “oso pozik” agertu da kazetarien aurrera, brontzezko domina lepoan duela. Sei gol sartuta beste hainbat saiakeratan, larunbateko porrotari buelta emateaz harro dago.

Larunbateko neurketaren ostean egin nizun lehen galdera errepikatuko dizut: zer moduz zaude?

—Askoz hobeto atzo baino! Oso arratsalde gogorra izan zen, eta gaur beste aurpegi bat erakutsi nahi genuen. Egia da horrela agertoki batean, 20.000 zaleren aurrean, taldeko askorentzat lehenengo aldia… Urduritasun hori ez genuen ongi kudeatu. Gaur gogoa genuen: denboraldiko azken neurketa, Final Four-era iristea kostatu zaigunarekin… Dena eman dugu eta oso gustora hirugarren postuarekin.

Füchseren aurka ez bezala, Barçaren aurka emandako irudia bat etorri da denboraldian eman duzuenarekin.

—Atzo hitz egin genuena hori izan zen: gaurko egunagatik irabaztera atera behar genuela, baina garrantzitsuena ez zela emaitza, garrantzitsuena eman behar genuen irudia zen. Bai guregatik, egin dugun lan guzti horrekin sentsazio txarrekin amaitzea ez zelako onena; eta etorri den jende guztiagatik merezi genuen neurketa ona egitea, emaitza bat edo beste izan. Neurketa hori egin dugu, hirugarren bukatzen dugu gutako asko lehen aldiz hemen egonda..., baloratu egin behar da.

Bi neurketa 24 ordutan. Nola eman zaio buelta larunbateko zaplastekoari?

—Arratsaldea ez zen batere erraza izan 10 golengatik galdu ondoren, baina argi genuen neurketa bat falta zela. Askorentzat lehena zen Kolonian eta hona iristea balio duenarekin, ez genuen beste aukerarik, zor hori genuen. Gu ez gara Bartzelona, ez dakit zenbat Champions irabazi dituela urte hauetan: gogoen aldetik ezin ziguten irabazi. Horrela erakutsi dugu.

Odriozola, nagusi

Nantesen gakoetako bat zu zeu izan zara: minutuak aurrera joan ahala, gero eta konfiantza gehiagorekin zinen.

—Partidu aurretik nekatuta sentitzen nintzen. Gogorra da bi egunetan bi neurketa izatea, eta ez partiduengatik bakarrik: estresa, urduritasun hori aste osoan… Partidu ostean kostatu zitzaidan lo hartzea, baina argi nuen denboraldiko azken 60 minutuak zirela eta gogo asko nuen erakusteko. Atzo gehiago huts egin nuen, gaur hobetzeko gogoa nuen, gauzak atera zaizkit eta konfiantza gehiago lortu dut aurrera egiteko.

Lehenengo Lauko Finala Kolonian. Itzultzeko gogoz?

—Bai, benetan bai. Harrituta gelditu naiz. Telebistan ikusten nuen eta iaz lagun asko egon ziren, eta esan zidaten harrituta gelditu zirela dagoen giroarekin. Hurrengo urtean saiatuko gara jokalari moduan itzultzen, eta horrela ez bada, zale moduan.