Jon Azkue Saizar (Orio, 1994) “pozik” dabil Limoges taldean. Duela urte eta erdi iritsi zen, eta 2027ra arte kontratua luzatu du. Astearte honetan, “etxera” dator, Artalekura: Bidasoak eta talde frantziarrak EHF European Leagueko multzoko lehen postua dute jokoan. Azkue momentu hauetaz gozatzera dator, “ez dakit eta noiz itzuliko naizen Artalekura”. Arerio moduan edo jokalari hori bezala, galde egiten diogu: “Ate guztiak irekita”,

Zer moduz dago Jon Azkue Limogesen?

—Ondo, pozik eta zoriontsu. Lasai, dena bere lekuan dagoelako, gutxi gorabehera.

Orain jarraipena duzu, joan den urtean lesio larri batek hautsi zuena. Zer geratzen da esperientzia garratz hartaz?

—Asko ikasi izanaren sentsazioa. Iritsi eta horrelako lesio bat dena berria den toki batean ez da erraza mentalki asimilatzen. Asko ikasi nuen momentu hartaz, gauzak mila eratara ikus daitezkeela, eta atzean utzita. Esperientzia horrek utzitako bizipenak orain aprobetxatuz, ikasitako gauza horiek praktikan jarriz.

Frantsesa hobeto ikasteko eta hiria hobeto ezagutzeko astia emango zizun.

—Bai, bai, frantsesa halabeharrez, medikuak direla, fisioak direla… Taldekideekin, baina, nahi baina denbora gutxiago, baina frantsesari egurra emanda. Hiria bisitatzeko denbora gehiago izan nuen, taldearekin bidaiarik egin gabe. Goitik behera ezagutzen dut hiria, denbora oso ondo aprobetxatuta.

Taldeak zugan konfiantza du: argi du zer eman dezakezun eta denboraldi honen lehen zatian dagoeneko kontratua 2027ra arte luzatu duzue.

—Bai, eta nik ere horrela sentitu dut, bai entrenatzaileen aldetik, bai klubaren aldetik. Konfiantza hori sentitzeak lasaitasuna ematen dizu. Gauzak joko aldetik hobeto edo okerrago atera daitezke, baina konfiantza hori hor dago eta patxada ematen dizu.

Pattalago ibili arren lehen itzulian, sendo zabiltzate Munduko Txapelketatik bueltan, Ligan goraka eta Frantziako Kopako finalerdietan.

—Bai, lehenengo itzulia ez zen batere erraza izan, bai klubarentzat, baita jokalari askorentzat lehenengo aldia zelako Europan jokatzen zutela. Hiru txapelketa, Kopa kontuan hartuta, uztartzea nahiko kostatu zitzaigun, baina bigarren itzulia potente hasi dugu. Lehenengo itzulian izan ez genituen momentu on horiek, neurketa batzuk irabazteko falta izan zitzaizkigun une on horiek orain aurkitzen ditugu. Hori da alde nabarmenena.

Europan, Bidasoa

Eta bide horretan, Europan, Bidasoa arerio. Aukera ireki zenean, bai etxean, bai Sierrarekin komentarioren bat eduki zenuten?

—Hasieran komentatu genuen, baina neurketa asko zeuden aurretik, kanporaketa, multzoa… Aukera hor zegoen, baina urruti. %100 ziurra izan zenean, bai, etxean, familiakoekin, ingurukoekin, Sierra… Zer kuriosoa den bizitza, atzerrira joan, normalean ez duzula zure aurreko taldearen aurka eta urte eta erdira, bizitzaren kapritxoak, elkarren aurka eta multzoko lider izateko borrokan. Kuriosoa, baina baita oso emozionantea eta berezia.

Egun hauetan “etxera” itzuliko zarela edo zure taldearen aurka jokatu duzula aipatu duzu behin baino gehiagotan. Zer da Bidasoa?

—Dena. Naizena naiz Bidasoari esker. Hamabi urte bertan ez dira alferrikakoak izan, eta beti esan dut eta esango dut Bidasoa nire etxea eta nire familia dela, hor ez dut dudarik.

Zer izan zen lehenengoz arerio edukitzea joan den astean?

—Kuriosoa. Aurretik lan dexente egin nuen mentalki, momentua iristen zenean zerbait arrotza ez sentitzeko, nahiz eta aurka jokatzea beti den arraroa. Mentalki lan asko egin nuen entrenamenduetan, eta nahiko lasai jokatu nuen.

Askok idatzi al dizute joan den astearteko azken jokaldiaz kexu, ziria sartzen?

—Gehiegi ez. Bai Bidasoako taldekideekin mila aldiz komentatu dugu, baina gainontzean, ez didate asko esan. Horrela gertatu zen eta niri ezer esateak ez du ezer aldatuko...

Jokalari asko izan dituzu lagun Bidasoan, aldaketa nabarmenena, aulkitxoan. Nola ikusten duzu aurten taldea?

—Oso ondo. Ligan hor goian, Europan aurrera jarraitzeko borrokan, Asobal edo Espainiako Kopan lau onenen artean, Errege Kopa hortxe… Azkenean, nahiz eta aldaketak izan, beti bezala maila ematen jarraitzen dute, eta garrantzitsua hori da: jokalariak joan eta etorri, entrenatzaileak aldatu, bat eta beste, kluba eta taldea goian jarraitzea. Hori da garrantzitsuena.

Astertean, Artalekun: "Etxean"

Zer neurketa espero duzu?

—Oso neurketa beroa, oso zaila izango da. Asteartean gertatu zena pasata, azken momentuan lortu genuela garaipen hori, ez da erraza izango. Artaleku oso bero bat espero dut, ezagutzen dut nolakoa izan daitekeen horrelako partidetan. Neurketa oso berdindu bat espero dut, oso desberdina aurreko asteartekoarekin alderatuta: gehiago ezagutzen dugu elkar, elkar analizatzeko beste bide batzuk ere baditugu…

Taldekideei abisatu al diezu zer topa dezaketen Artalekun?

—Noski, bai. Ostiraleko Ligako partidura arte burutik kanpo eduki dugu, baina guztiz zentratuta gaude. Gero beti gertatzen dena dago: norberak bere azalean bizi arte, berdin du zer kontatzen dizuten, ez dela berdina izango. Ni saiatzen ari naiz sinistarazten zer aurkituko duten, baina badakigu han egon arteez dela %100 berdina izaten.

Zer izango da Artalekun asteartean kantxaratzea?

—Asteartekoa berezia izan bazen, are zertxobait bereziagoa, oraingoa etxera bueltatzea baita, berriz Artalekuko pasillotatik ibiltzea… Berezia, espero dut jendeak ongi hartzea, zirrara guztiz bizitzea momentu horiek aprobetxatuz, ez dakigu eta noiz bueltatuko naizen Artalekura.

Arerio moduan? Jokalari moduan?

—Edozein modutara. Bai gustatuko litzaidake berriz bueltatzea. Ate guztiak irekita uzten ditut.