Euskal Herriko jarraitzaileari, nola aurkeztuko zenioke zer den Limoges Handball?

—Familia txiki bat, zerotik gorantz hazten joan dena. Klub bezala hain gazte izanik, gauzak oso ondo egiten ari dira, akats larririk egin gabe, jakinda nondik datozen. Oso azkar hazten ari den klub bat da. Hirian beste kirol klub batzuk badaude, baina hau bereziki familiarra eta zerotik hasitako klub txiki potente bat da.

Kanpotik ikusita, enpresa izaerari garrantzi handia ematen diote. Astearte honetan bertan ikusi dugu estruktura indartu dutela.

—Bai, asko, asko. Eskubaloiaren inguruan sortutako kluba da, hori argi dago, baina eskubaloiaz gain beste zazpi-zortzi alor lantzen ditu: enpresa mundua, bidaiak, asoziazioak, txirrindulari talde bate ere badu… Alor asko ukitzen ditun kluba da, beti ere eskubaloiak irudia ematen diona. Lan oso zabala egiten dute, eta hor dago klub honen indarra.

Etxeko neurketetara, amerikana jantzia agertu behar. Nolako garrantzia ematen zaio erakunde eta babesleekiko irudi zaintze hori?

—Ez gara talde bakarra detaile horiek zaintzen dituena, baina neurketa egunak eskubaloiaz gain beste gauza asko lantzeko momentuak dira. Partida osteko VIP-ak, patrozinatzaile, enpresa eta abarrekin kontaktuak, gertutasun hori, hitz egin… Eskubaloiaz gain gauza askotaz hitz egiten da horrelako egunetan. Indar handia du funtzionatzeko modu horrek Frantzian orokorrean, eta Limogesen bereziki.

Zer topatu duzu Frantziako Ligan?

—Guztiz eskubaloi desberdin bat, askoz fisikoagoa, joko gutxiagokoa, eta batez ere Bidasoa batetik etorrita, jokatzeko modu bereizgarri batetik, ba guztiz aurkako eskubaloi bat. Kostatzen ari zitzaidan eskubaloi mota horretara egokitzea, eta lesioa etorri zen. Aurten zerotik hastea bezala izan da, baina geroz eta erosoago eta eginago nago joko modu honetara.

Frantzia eta Asobal

Nola ikusten da Asobal Liga Frantziako eskubaloitik? 

—Batzuetan, natorren Bidasoatik natorrela, hainbeste kosta zaigula Europan jokatzea, iritsi nintzen Zilarrezko Mailan zegoen Bidasoatik Txapeldunen Liga jokatzeraino, esfortzu handia egon zen. Hona iristen zarenean, pena ematen dit, baina galdetzen didate ea Asobal Liga Frantziako bigarren mailarekin nola borrokatuko litzatekeen. Batzuetan zer pentsatua ematen dit. Egia da talde batzuk badaudela, Bidasoa, Granollers (Bartzelona beste mundu bat da...), goian borrokatzeko modukoak, baina ikusten dute nibela maila bat beherago egongo balitz bezala. Natorren tokitik natorrela, pena puntu bat ematen dit beraiek horrela pentsatzeak. Askotan errealitatearekin bat etor daiteke, baina jeneralizatze horrek momentu askotan amorru puntu bat ematen dit.

Jon Azkue Limoges Handball

Gai lirateke Asobaleko hainbat talde Frantziako ligan lehiatzeko edo alde zabalegia ikusten duzu?

—Noski, talde batzuk bai egongo lirateke borrokatzeko moduan; beste talde asko, ez. Eta hori ere nik uste esan beharra dagoela. Frantziako Liga azken urtetan indar asko hartu du, eta Asobal Liga talde guztien maila hartuta agian bai eman duela pausutxo bat atzera.