Super Amara Bera Berak atzo aurkeztu zuen maiatzaren 10etik 12ra Illunben jokatuko den Kopan jantziko duen elastiko ofiziala, orain 20 urte Bera Bera klubaren lehen titulua irabazi zuen errugbi taldeak erabili zuena gogora ekarriz. Zehazki, datorren maiatzaren 15ean beteko da efemeride hori. Titulu hura Zaragozan lortu zuen talde donostiarrak Santboianaren aurka luzapenean erabaki zen Kopako finalean.

Bera Bera RTko presidentea, Fernando Diez Mintegi, “partida epiko hartan” izan zen, eta berak azaldu zuen “aurtengo Kopako elastikoak keinu bat egingo diola errugbiak lehen titulua irabazi zuenekoari. Hamarkada horretan bertan, 2007an eta 2009an, eskubaloiak bere lehen bi Kopak lortu zituen, eta iaz zazpigarrena irabazi genuenez, talde koperoa garela esan daiteke”. Presidenteak aitortu zuenez, “ilusio handia egin dit kamisetarekin egindako keinuak, eta Illunben Kopa irabazteko lagungarri izango zaiela iruditzen zait”. Era berean, harro agertu zen,”tituluez haratago ekitaldiak antolatzen ditugun taldea garelako”, eta 2022ko edizioa gainditzeko asmoarekin gatoz, “historiako bigarren Koparik onena izan dadin”.

Protagonistak

Bestalde, Esther Arrojeriaren esanetan, “kamiseta ikusi genuenean desberdina zela pentsatu genuen, errugbiko kamiseta baten antza zuela, eta klub honen historiari keinu egiten dionez, harrotasunez jantziko dugu Erreginaren Kopan”. “Ni ez naiz batere superstiziosoa; beste urte batzuetan ere atera ditugu kamiseta desberdinak Europarako edo Koparako, eta horrek lehiaketa berezia dela sentiarazten digu. Oso pozik eramango dugu”, esan zuen. Inolaz ere, garbi utzi nahi izan zuen: “oraindik ez gara Kopan pentsatzen hasi, aurretik Aula Valladoliden aurkako play-offetako final-laurdenetako kanporaketa gainditu behar dugulako, eta artean finalerdietako beste partida bat ere geratuko litzaigukeelako”.

Ostiralean Valladoliden lortutako garaipen bikainaren ondoren, 11 gol sartuta bere marka hobetu zuen Arrojeriaren ustez, “taldea oso ondo dago. Geldialdiko aste hauek ondo etorri zaizkigu jendea berreskuratzeko eta lehiaketara itzuli aurretik erritmoa hartzeko. Ostiralean taldea serio ikusi nuen, edozein talderen aurka lehiatzeko prest, eta ni, pertsonalki, gogoz eta ilusioz gainezka nago”. 

Huerta del Reyn hasierako txistua entzun zen une beretik eraiki zuen garaipena Bera Berak: “Defentsan oso ondo aritu ginen, erdiko blokea harresi bat izan zen, eta atearen laguntzarekin dena borobil atera zitzaigun”. Horregatik espero du zentral gipuzkoarrak “gure indarguneak sendotzea”, eta larunbatari begira (Gascan, 18:00etan) partidari “inolako konfiantzarik gabe” aurre egitea. Emaitza 27-34koa izan arren, egungo sisteman ez da golen aldea kontuan hartzen, beraz, Aulak irabaziz gero, hamar minutuko luzapena jokatuko litzateke. Horregatik azpimarratu du Arrojeriak: “Aula ondo ezagutzen dugu eta ez digute ezer oparituko. Dituzten aukerak borrokatzera eta luzapena behartzera etorriko dira. Kanporaketa lehenbailehen erabakitzea gure esku dago, eta ostiralean bezala irtenez gero, irabazteko aukera handiak izango ditugu”.

Play-offari buruz galdetuta, honakoa adierazi zuen usurbildarrak: “Kirolarioi gustatu egiten zaigu horrelako partidak jokatzea. Azken txanpa honen grazia, partida bakoitza final bat izatea da; partidaren tarte ustel batek ere baldintzatu egin dezake kanporaketa”. Arrojeriak adierazi zuenez, “jokatuko ditugun azkenak balira bezala ari gara partida hauek lehiatzen, eta ilusioz gainezka nago, gogotsu, taldea oso ondo baitago. Liga erregularrean baino sendoago eta serioago gaude, segurtasunean hobetu egin dugu, partidako hainbat egoeretan kontrola hartzeko gauza gara, eta konfiantza izugarria daukat gure taldean”.