Bidasoa Irunek dagoeneko final-zortzirenetara sailkatuta dago eta, beraz, etxeko lanak behar bezala eginda iritsi da European Leagueko azken jardunaldira. Nolanahi ere, Skanderborg Aarhuseko danimarkarrak mendean hartzen ahaleginduko dira, hurrengo gurutzaketa erosoagoa izan dadin.

Talde irundarra D multzoko hirugarrena da, eta ezinezkoa zaio sailkapenean aurretik duen talde eskandinaviarra harrapatzea; baina Mazedonia iparreko Eurofarm Pelister taldeak bai, gainditu ditzake bidasotarrak, haiek Motor Zaporiyia talde ukrainarra mendean hartu eta gipuzkoarrek etxean galduko balute.

Maila goreneko erronka izango da, aurrez aurre izango duen Danimarkako taldea, Championseko bi talderekin, Mike Hansenen Aalborgekin eta GOGekin batera, euren herrialdeko liga lortzeko lehian bete-betean murgilduta dabilelako, eta internazional mailako jokalari ugari dituelako.

Eskandinaviarrek 38-27 irabazitako lehen itzuliko partida ez litzateke erreferentziatzat hartu behar, orduan Bidasoak jokalaririk onenak dosifikatu egin zituelako, ondoren zetozkion norgehiagoketarako. Oraingo honetan, berriz, itxura batean gaindiezina den Bar-tzelona hartuko du asteburuan, eta Jacobo Cuétarak eta zaletu irundarrek ez diote zertan partida horri puntuen estutasunarekin aurre egin beharrik.

Joan den larunbatean Valladoliden azaroaz geroztiko Asobal Ligako lehen garaipena lortzeak, zama astuna arindu die jokalari bidasotarrei, eta ea bada, txapelketaren azken hiru hilabeteotan Bidasoaren bertsiorik onena ikusten dugun, Europako final-zortzirenetako zozketari begira dauden honetan.

Aurreko hilabeteetan jokaririk onenak min hartuta egon badira ere, azken orduko ezustekorik ez badago, den denak jokatzeko moduan izango ditu talde gipuzkoarrak (Rodrigo Salinas, Asier Nieto, baita Víctor Rodríguez ere), eta ikusmin handia piztu zaletuen artean, Europa mailako talde garrantzitsuenetako baten aurka zer nolako errendimendua erakusten duten frogatzeko.