Donostia – Gaur, 11.00etan hasita Vienan, EHFk European Leagueko Q3aren zozketa egingo da. Beraz, Super Amarak 2023an aurreko fasea jokatu ahal izateko, abenduan (azaroan Europako txapelketa jokatuko da) zein aurkari gainditu beharko duen jakingo du.

Eta aurkaria ez da erraza izango. Bera Beraren bidean gurutzatu daitezkeen hamabi taldeen artean Txapeldunen Ligan ohikoak izandako hiru daude: Sävehof suediarra, Podravka kroaziarra eta Borussia Dortmund alemaniarra; 2021ean European Leagueko txapeldun izan zen Le Neptunes Nantes frantziarra; eta lehiaketa horren egungo txapeldunordea den Viborg daniarra. Horrez gain, Magura Cisnedie eta iaz talde donostiarra kanporatu zuen Ramnicu Valcea errumaniarrak ere badaude, Praktiker Vaci eta Motherson Mosonmagyarovari hungariarrekin batera, lau talde hauek azken urtean taldekako fasean parte hartu zutelarik.

Ez dira batere erosoak izango, ezta ere, Norvegiako Sola, iaz Q2an sartuta final-laurdenetara iritsi zena; kanporaketa berera sailkatu zen Frantziako Besançon, eta kontinente mailako historialik apalena duen Buxtehuder alemaniarra.

Erreferentziazko jokalarien artean, Carmen Martín eta Johanna Bundsen atezain internazionala nabarmendu behar Suediako Sävehof taldean; Borussia taldeko Alina Grijseels alemaniarra; Nathalie Hagman, Lagerquist eta Strömberg suediar internazionalak Nanteseko taldean; Magurako Guarieiro; Podravka taldeko Kalaus ahizpak; eta Valcearen aurkako iazko kanporaketan ezagututako Glibko, Klikovac, Roch, Elghaoui, Hosu eta Bucur.

Kanporaketa azaroko Europako txapelketaren ondoren jokatuko da. Joanekoa abenduaren 3-4an eta itzulia, abenduaren 10 eta 11 artean. Super Amara Bera Beraren koadro berean daude Rocasa eta Costa del Sol Málaga.

Europako Txapelketara

Atzo eman zen jakitera Europako txapelketarako Espainiako 18 jokalarien deialdia, eta Bera Berako lau jokalari sartu dira horien artean: Maitane Etxeberria eta Esther Arrojeria gipuzkoarrak, Maddi Aalla eta Paula Arcosekin batera. Larunbatean Beti Onak taldearen kantxan partida jokatuko ondoren, astelehenean laurak Alacantera joango dira zuzenean Nazioarteko Txapelketa jokatzeko. – M. Tolosa