Egin klik eta irakurri NOTICIAS DE GIPUZKOAko albisteak euskaraz! Edo entzun, nahiago baduzu. Gaurtik aurrera, egunkariaren webgunean (noticiasdegipuzkoa.eus) albisteak, euskaraz gain, beste bost hizkuntzatan kontsultatzeko aukera dago: gaztelaniaz, katalanez, galegoz, frantsesez eta ingelesez. Hori horrela, ewebguneko albisteetan erreminta-barra berri bat aurkituko duzu “Itzuli” eta “Entzun” aukerekin; nahi duzun hizkuntza hautatu eta klik bakar batekin edukiak aukeratutako hizkuntzan irakurri edo entzun ahal izango dituzu.
Hizkuntza aniztasunaz gainera, albisteak entzun ahal izatea beste urrats handi bat da webgunearen irisgarritasunean, ikusmen-arazoak dituzten pertsonei ere informazioa eskuratzeko aukera ematen baitie.
Euskaraz, gaur eta egunero
Honako ekimena gaur martxan jartzea ez da kasualitatea. Bi arrazoi nagusi daude atzean: batetik, gaur hasiera eman zaion Euskaraldiarekin bat egitea; bestetik, NOTICIAS DE GIPUZKOAk hasieratik euskararekiko izan duen konpromisoa. “Ostegun honetan hasiko den Euskaraldiaren baitan, guk ere gure ekarpena egin nahi dugu, eta horregatik jarri dugu abian ‘NOTICIAS DE GIPUZKOArekin, Izan zaitez BEGIprest!’ kanpaina. Baina euskararekin dugun konpromisoa ez dugu data zehatzetara mugatu nahi; izan ere, euskararen erabilerarekiko konpromisoa berretsi nahi dugu, gaur eta egunero”, esan du NOTICIAS DE GIPUZKOAko gerente Xabier del Valle de Lersundik.

Kalitatea helburu
Zerbitzu berritzaile honen oinarrian Donostiako Trebe Language Technologies enpresaren teknologia aurreratua dago, adimen artifizialean oinarritutakoa. Vicomtech zentro teknologikoaren spin-off honek hizkuntza-teknologietan oinarritutako soluzioak eskaintzen ditu, hala nola itzulpen automatikoa, transkripzioa (ahotsa testu bihurtzea) eta sintesia (testua ahots bihurtzea).
Proiektua zuzendu dutenen hitzetan, “NOTICIAS DE GIPUZKOA eta Trebeko profesionalen arteko elkarlana funtsezkoa izan da”, edukien kalitatea eta tresnaren erabilgarritasuna bermatzeko bidean. “Giltzarria izan da proiektua aurrera eramateko lantalde egokia aurkitzea. Elkar ulertzea eta helburu partekatu bat edukitzea ezinbestekoa izan da hau dena lortzeko”, aitortu du Del Valle de Lersundik.
Elkarlan horretatik abiatuta, “adimen artifizialean oinarritutako tresna bat garatu dugu, kasuan kasu egokitu daitekeena, bezero bakoitzaren behar espezifikoei erantzuteko”, azaldu dute Trebetik. Kasu honetan, tresna sortzeko prozesua bera “entrenamendu” moduko bat izan da, zeinetan NOTICIAS DE GIPUZKOAko albisteak izan dituzten oinarri, itzulpenen kalitatea bermatzeko eta egunkariaren estiloa mantentzeko.
Amaitzeko, NOTICIAS DE GIPUZKOAko gerenteak kazetari profesionalen zereginean jarri du azpimarra: “Euskarazko edukiak sortzen eta zabaltzen jarraitzea da gure lehentasuna eta bide horretan, teknologia bidelagun izango dugu gure euskarazko edukien eskaintza aberasteko eta gure hizkuntza hauspotzeko”.