Nazia? Pedofiloa? Arrazista? Lizuna? Paganoa? Jon Miranderen irudia gogor epaitu izan da beti euskal mundu akademikoko zenbait sektoreetatik. Aldiz, bere lan literarioa, poetikoa, probokatzailea, iraultzailea eta euskaltzalea biziki aitortu izan diote askok eta askok. Azken urteetan, Haur besoetakoa eleberri probokatzailearen egilearen inguruko ikusmina nabarmen hazi egin da. Esate baterako, 2023an Josu Martinez zinegileak Mirande, film bat egiteko zirriborroa dokumentala estreinatu zuen.
Haren jaiotzatik 100 urte pasa direla probestuz, aste honetan idazlearen inguruko bi liburu argitaratu dira. Atzo, Patrika zigilu berriaren baitan kaleratu duen Zer egin Jon Miranderekin? lan kolektiboaren berri eman zuen Alberdania argitaletxeak. Gaur, ostegunarekin, Elkarrek Mikel Sotoren (Iruñea, 1978) Mirande, herriminez, ezin-minez aurkeztu du Donostiako Parte Zaharreko dendan. Debako Udalak eta argitaletxe horrek sortutako Tene Bekaren azken emaria da Sotorena, eta ikertzailearekin batera prentsaren aurrean agertu dira Xabier Mendiguren editorea eta Joseba Sarrionandia idazlea.
Azken horrek Ni ez naiz hemengoa saiakeran Miranderi buruz idatzi zituenak irakurri ondoren, askotan itzuli omen da Soto Parisen jaiotako euskaldunaren idatzietara: “Beti topatzen duzu zerbait berria. Batzuetan itzulera garratza da, bestetan goxoa, baina beti dago zerbait”.
Mirandek eleberri bakarra idatzi zuen, ipuinak, poemak eta saiakerak ere ez dira asko, hari buruz idatzi zirenak “badaezpadakoak dira”... Hori guztia gaindituz, Sotok azterketa sakona egin du idazki berriak topatuz. “Nolatan ausartu gara gizarte bezala Jon Mirande epaitzera, ehundaka dokumentu argitaratu gabe eta ezagutzeke badaude?”, galdera egin du Sotok.
Ikerketa lan horietan –40tik gora artxibo publiko kontsultatu ditu– agertutako zenbait testu aipatu ditu egileak. Adibidez, Mirandek idatzitako lehenengo gutunak; bere lehen idatzi argitaratuak, aurrez ezagutzen zen baino bi urte lehenago argitaratutakoak; “oraindik jeltzalea zela” Euskadi Buru Batzarrarekin trukatutako mezuak; polemika handia sortu zuen Liburu lizunetaz liburuaren lehen bertsioa, gerora argitaratu zenarekin alderatuta “oso ezberdina” dena; polemika horren inguruan Jose Antonio Aguirre lehendakariak berak alderdi barruan egindako gestioen inguruko dokumentuak; galdutzat ematen zen Miranderen lehen ipuinaren euskarazko bertsioa, hainbat poema argitaragabe; bretoieraz idatzitako beste hainbat poema; testu pornografikoak; Argentinako aldizkari nazi batean kaleratutako bi saiakera…
Horrekin guztiarekin zenbait hipotesi baieztatu eta beste zenbait arbuiatu egin ditu Sotok. Besteak beste, horrela frogatu du Mirande izan zela homosexualitatearen alde euskaraz idazten lehena.
Are gehiago, Haur besoetakoa eleberriaren sorburuak ere identifikatu ditu. Alde batetik, Miranderen ezagun bati gertatu zitzaion zerbaitetan oinarrituta omen dago, hau da, senitarteko batekin maitemindu zela. Bestetik, esperientzia autobiografiko batean dago oinarrituta, Mirande heldua zela, 15 urteko neska batekin maitemindu baitzen. Berak idatzita uzten du, sortzen ari zen harreman hori berak zapaldu zuela, hain zuzen ere, neskaren adina kontuan hartuta. “Ez-harreman” horren inguruan, “ene desioa ez zait zilegi” idatzi zuen: “Ez dut uste pedofiliari buruz ezer argiagorik esan litekeenik”, ondorioztatu du.
Ikertzearen poderioz, Miranderen harreman naziak ere aztertu ditu iruindarrak, eta “bere lagunek ez bezala” inongo polizia-fitxarik ez zuela ikusi du, nahiz eta Poliziak eta Zerbitzu Sekretuek ikertu. “Bitxia bada ere, arrazoi kulturalengatik” hurbildu omen zen nazismora. “Espero dut ikerketa hau baliagarri izatea, gutxienez, haren nazi izaeraren inguruko eztabaida berritzeko”, desio du Sotok.
Kontu guztien gainetik, ikertzaileari gehien interesatu zaiona Miranderen “askatasun artistikoa” izan da eta horrekin lortu zuen “edertasuna”. Zentzu horretan, sortzailea “oso modernoa” izan zela azpimarratu du, ez garairako bakarrik, gaur egun ere modernoa izaten jarraitzen duela iruditzen zaio. “Marka da gero, bere heriotzatik 50 urte pasa direnean eta informazio horiek eskura ditugula, Miranderen obra eta bizitza berdindu nahi dutenek horri buruz inolako aipamenik ez egitea”, kritikatu du.
Adimen-gaitasun handiak
Idazlearen pertsonalitatea eta gaitasunen kutxa ere arakatu ditu Mikel Sotok. Ildo horri jarraituz, ikertzaileak argi dauka adimen-gaitasun handiko pertsonen artean koka zitekeela. Horren adibide, Mirandek hizkuntzak ikasteko zuen erraztasuna: hamabostetan idatzi, irakurri eta hitz egitea lortu zuen, eta beste hamar hizkuntzetan irakurtzeko gai zen. Are gehiago, paristarraren gaitasun artistikoak, adimen-gaitasun handikoek izan ohi dituzten zerrendarekin erkatu zuen Mirande.
“Hizkuntza berria”
“Gure belaunaldiarentzat garrantzitsua izan zen Mirande”, aitortu du, bere aldetik, Joseba Sarrionandiak. Bizkaitarraren esanetan, garaiko euskararen inguruko jendea lengoaia literario berri baten egarri zen, XX. mendearen lehen erdian hizkera literarioaren aldetik antolatu zen proiektu eta eredu “sabinianoak” porrot egin ondoren: “Desastre hutsa izan zen”.
Garai hartan hasi ziren agertzen Gabriel Arestirena bezalako eredu berriak, baina Sarrionandiarentzat ez ziren nahikoak: “Arestik aizkolari urbano baten estiloa zuen”. Beste eredu batzuk beharrezkoak zirenez, eta literatura, “hizkuntza asmatzea” den heinean, Jon Miranderen sormenezko moduek eragindako lurrikarak goitik behera aztoratu zituen kontserbadore –eta puritano– euskaldunen –eta euskaltzainen– erroak. “Haur besoetakoa, hizkuntza aldetik marabilla bat zen”, esan du Sarrionandiak, eta gerora gehitu duenez, hizkuntza berri horren sublimazioa Bernardo Atxagaren Etiopia-k ekarri omen zuen.
Miranderen tradizio literarioa probokazioaren gainean eraiki zuela azpimarratu du Sarrionandiak: “Literaturak problemarik planteatzen ez badu, ezegokia ez bada, ez da literatura. Literatura ez da, ez ondo idaztea, ezta gauza zuzenak esatea ere; kontrakoa da”. Eta gizartea astintzen maisua izan zen Mirande.