Udaltzain berriak hautatzeko prozesuan 3. hizkuntza eskakizuna ezartzeagatik helegiteak jaso dituzte azken asteotan Astigarragako eta Usurbilgo Udalek . Aste honetan, agerraldia egin dute bi alkateek Udalerri Euskaldunen Mankomunitatearekin, UEMArekin batera emango dituzten pausoak azaltzeko.
"Beldurra sortzea" helburua
Helegite hauen helburuaz ez dute zalantzarik UEMAk eta bi Udalek: “Argi daukagu zein den helegite hauen helburua: beldurra sortzea, gainerako Udalek bide bera hartu ez dezaten, eta 2. hizkuntza eskakizunarekin konforma daitezen, horrek euskaraz lasai aritzea bermatzen ez badu ere". "Epaien eta epaitegien mehatxua. Hori da helegite hauekin udalerri euskaldunei adierazi nahi zaiena. Hortik ez segitzeko ohar argia da. Baina Udalei eredu izatea dagokigu, eta epaien mehatxuen gainetik euskararen eta herritarren eskubideen defentsan jarraituko dugu”, baieztatu dute.
Herritarrekin harremana
Xabier Urdangarin Astigarragako alkateak ezagutarazi ditu helegiteen nondik norakoak eta bi Udalek horiei emandako erantzunak: “Helegiteak jarri dituztenen arabera, 2. hizkuntza eskakizuna nahikoa da. Ez dugu inolaz ere bat egiten horrekin. Ez baita horrela. Udalerri euskaldunetan, herritarrekin euskarazko harremana izateko, herritarrek esandakoa ulertzeko eta herritarrekin hitz egiteko, 2. hizkuntza eskakizuna ez da nahikoa, hainbat urtez hainbat udaletan izan diren kasuek eta arazoek erakutsi duten bezala”.
Udaltzainek euskaraz ongi moldatu behar dutela adierazi dute bi alkateek ahoz azalpenak emateaz gain, sortzen diren idatziak eta dokumentazioa idazteko eta ulertzeko gai izan behar dute. 3. hizkuntza profila, C1 edo lehengo EGAren maila da.
"3. hizkuntza eskakizuna justifikatuta"
Hauek horrela, bi Udalen eta UEMAren aburuz, “3. hizkuntza eskakizuna soberan justifikatuta dago”. Hori guztia, gainera, legeetan oinarritutako argudio sendoekin aurkeztu dute Usurbilgo zein Astigarragako Udalek helegiteei emandako erantzunetan.
Kontu teknikoetan sartu gabe, Agurtzane Solaberrietak, Usurbilgo alkateak, adierazi duenez, “Udalek legeak ematen dien beharrezko eskumenak dituzte nahi izanez gero herritarrekin harreman zuzena izango duten udaltzainei 3. hizkuntza eskakizuna eskatzeko. Beraz, bere horretan eutsiko diogu eskakizun horri”. Gainera, udaltzainak hautatzeko prozesuarekin ere aurrera egingo dutela ziurtatu dute.
Azken hilabetetako epaiak
Bestalde, Martin Aramendik, Ataungo alkateak eta UEMAko lehendakariak, bere babesa adierazi die bi udalerriei. Aramendik horrelako helegiteak jarri ditu azken hilabeteotan areagotu den euskararen aurkako oldarraldiaren oinarrian: “Hainbat epai ezagutu ditugu azken hilabeteotan, baina epaien aitzindariak dira horrelako helegiteak. Hauek dira oldarraldia ereiten dutenak”.
Gaineratu duenez, ez da kasualitatea helegite hauek iristea orain zenbait udalerri euskaldunetara: “Hau norbaitek nonbait erabakitako zerbait da. Ez da kasualitatea udalerri euskaldunak izatea orain helegite hauek jasotzen hasi direnak". Euskararen biziberritzeak motelaldia bizi du udalerri euskaldunenetan ere, azken datuek eta ikerketek erakutsi duten bezala. Izan ere, euskararen biziberritzeak, Udaletatik aldeko hizkuntza politika eginda ere, hamaika zailtasuni egin behar die aurre, inguruko erdaren erauntsiaren erdian. Horregatik, erakunde publikoei eredu izatea dagokigu, baita euskararen normalizazioan ere. Beraz, ezinbestekoa da erabaki ausartak hartzea, gurea defendatzeko eta, batez ere, herritarren hizkuntza eskubideak bermatzeko”, gaineratu du.
Gainontzeko udalerriak
Amaitzeko, UEMAren izenean gainerako udalerri euskaldun guztiei ere dei egin die Aramendik, “herritarrekin aritu behar duten udaltzainen kasuan 3. hizkuntza eskakizuna zehaztu dezaten hautaketa prozesuetan, hori baita euskaraz lasai aritzeko bermea. Gaur Usurbilek eta Astigarragak bezala, gure babesa izango dute bide horretan”.