Imajina ditzala irakurleak bi alderdi politiko mokoka. Irakurle argi horrek bi tresna irudikatuko lituzke gerra horretarako: txio, elkarrizketa eta prentsaurreko eskalada, eta proiektu zoragarrien filtrazio neurtua. Beharrezkoa denean, tokian tokiko agintariak hedabide baten argazkietara makurtuko dira; informazio publikoa kudeatzeko ez baita diru publikoa kudeatzeko balio duen koderik aplikatzen. Irakurleak bi alderdi hauen kontrakoek duten jarrerari so eginez gero, aipatutako eskaladaren inguruan txantxak eta irriñoak besterik ez ditu topatuko. Hauteskunde bezperako giroak (urte luzeko bezpera!) dena justifikatzen omen du. Arriskuak ditu. Demagun propaganda eguneroko politika jaten hasten dela: proiektuak atzeratuz, itxuraldatuz edo bertan behera utziaz. Proiektuak bertan behera gelditzen direnean, gizarteak ez du aurrera egiten. Eta gizartea aurrera ez doanean (geldirik egotea atzera egiteko beste modu bat da), diskurtso alternatiboek lurra zabal dute euren konponbide erraz, demagokiko eta sinplistekin. Hauteskunde atariko giroaren ostean, hauteskundeak joango dira. Asko jota, 2027ko maiatzean. Orduan beranduegi izaten da ezertaz harritzeko. Zain zaharraren usainak.
- Multimedia
- Servicios
- Participación