Euskal Herriko Unibertsitateak (EHU) badu jada Kode Etikoa, gobernu kontseiluak hil honetako bileran onartu ondoren. Ekimena guztiz berria da euskal unibertsitate publikoaren barne arautegian, eta helburu hauek izango ditu: jokabide ildo batzuk ematea bertan ikasten, irakasten, ikertzen edo kudeaketan diharduten guztiei, unibertsitatearen arautegi guztien interpretaziorako tresna izatea, bai eta etorkizunean erabakiak hartzeko gidari lanak egitea ere.

Kode Etikoaren testuan dioenez, “ez du izaera arauemailea, bere helburua izanik unibertsitateko kideen, organoen eta unibertsitatearekin harremanik izan ohi duten pertsona guztien jokabidearen eredu izatea”. Edonola ere, kodearen bidez “interpretatu ahal izango dira EHUren funtzionamendurako indarrean dauden barne arauak”.

Unibertsitateko sektore guztien ordezkariekin osatutako bi lantalde bi urtetik gora aritu dira testua sortzen. Eva Ferreira EHUko errektoreak pozik hartu du Kode Etikoaren onarpena. Dokumentua “ikaragarri garrantzitsua” dela nabarmendu du, “euskal unibertsitate publikoa osatzen dugun guztiok gidari izan behar ditugun prin-tzipioak eta balioak zehazten dituelako”.

Gainera, EHUn tankera honetako lehen testua dela azpimarratu du, eta “adostasun zabala eta irmoa” behar izaten dela halako dokumentuak sortzeko. “Oraingoan babes zabala lortu dugu, kolektibo eta pentsaera desberdinetako pertsonena. Hori dela eta, eskerrak eman nahi dizkiet proiektuan parte hartu duten pertsona guztiei egindako ahaleginagatik. Beren ekarpenei esker, gaurtik aurrera EHUk badu bere Kode Etikoa”, esan du.

Kodeak dio unibertsitateko kideek berdintasun, askatasun, egia, errespetu, zerbitzu publiko eta gizartearekiko konpromiso eta jasangarritasun balioei eutsi beharko dietela euren jardunean. Era berean, testuan adierazten denez, unibertsitateak konpromisoa hartzen du jakintza sortu, kritikatu eta zabaltzeko; ikasleen heziketa osoa bultzatzeko; euskararen eta euskal kulturaren garapena eta normalizazioa sustatzeko; nazioarteko lankidetza indartzeko; premia bereziak dauzkaten pertsonen integrazioa bultzatzeko; bakea, justizia eta bizikidetza demokratikoa sustatzeko; eta gizartearen garapen jasangarria bultzatzeko, terrorismo eta indarkeria oro arbuiaturik.

Halaber, Kode Etikoan jasota geratu da unibertsitate erakundearen konpromisoa izango dela emakumeen eta gizonen berdintasuna bermatzea, beharrezko neurriak har-tzea inor diskriminatua izan ez dadin, eta aniztasuna eta diferentzia errespetatzea. Gainera, kodeak ezar-tzen du, besteak beste, ikasleek esfortzua egin beharko dutela jakin-tza eurenganatzeko eta ebaluazio probak behar bezala egiteko, “kopiatu edo plagiatu gabe, eta zintzotasun eta ahaleginarekin bateraezinak diren bitartekoak edo estrategiak baliatu gabe”, eta EHUk beraien esku jarritako baliabideak “behar bezala eta arduraz” erabili beharko dituztela. Irakasle-ikertzaileentzako portaera arauak ere zehaztu dira. “Zorroztasun zientifikoz eta zintzotasunez” lan egitea eskatzen zaie, “esfortzuaren eta lankidetzaren oinarriak aintzat hartuta eta, betiere, beste inoren jakintza modu irregularrean baliatu edo plagiatu gabe”.

EHUko Bizikidetza Batzordea arduratuko da Kode Etikoa ezagutzera emateaz, eta printzipio etikoen hausnarketa bultzatuko du, kodearen interpretazioaren inguruan sortzen diren zalantzak argituko ditu, prozeduretan egon daitezkeen akatsak identifikatuko ditu eta kodearen kontrakoak izan daitezkeen portaerak aztertuko ditu, bai eta haien inguruko gomendioak eman ere.