Zumarragako Beloki pilotalekuan izango da final handia. Oiartzunek datorren igandean Euskal Herriko Herriarteko Txapelketa irabazteko jokatuko du. Oiartzuarrek Zumarragan bertan jokatuko dute final handia goizeko 11:00etan hasita Markina-Xemeinen aurka, bizkaitarrek Nafarroako Baztan hartu baitzuten mendean euren arteko finalerdian. Oiartzuarrek 2-1 irabazi zioten talde gasteiztarri finaleko frontoi berean, Etxeberriak eta Xabat Olaizek kadeteetan (22-0) eta Oier Zabaletak eta Unax Landak gazteetan lortutako garaipenei esker (22-10); Egoitz Etxabe eta Ekaitz Salaberria, berriz, galtzaile izan ziren senior mailan (7-22).

Azpeitia mendean hartuta aurten Gipuzkoako bigarren txapela lortu duen talde oiartzuarrak aitaren batean irabazi zion talde gasteiztarrari, kadeteen eta gazteen garaipenek erabat antzu utzi baitzuten, jada ezer erabakitzeko baliorik ez zuen eta arabarrek irabazi zuten nagusien partida.

Oihan Etxeberria eta Xabat Olaiz kadeteek ez zuten batere errukirik izan Palacios-Ormazabalek osatutako bikotearekin. 0-22koa ipini zuten markagailuan istant batean. Arabarrek ez zuten sakerik egiteko aukerarik ere izan. Aurrelari oiartzuarrak sekulako sarraskia egin zien sakearekin –hamabi tanto lortu zituen– historiarik batere izan ez zuen norgehiagokan.

Final-aurrekoa maldan gora zutela, Ruiz-Araba jubenil gasteiztarrek oso bikote sendoa izan zuten aurrez aurre bigarren neurketan. Aurreko koadroetan ausart eta bizi jardun zuen Oier Zabaletak eta Unax Landak markagailuak erakusten duena baino lan gehiago egin behar izan zuten: 10-22. Gipuzkoarrak aurretik ibili arren, 8-11ra arte ez ziren partida hausteko gauza izan. Zabaletak bi sake sartu zituen, gorrien opari batzuk aprobetxatu, eta zuzenean joan ziren 8-15eraino. Landak bi huts egin arren, lan dotorea egin zuen partida osoan zehar, eta 10-15etik 10-22ra zuzenean joan ziren. Bigarren garaipena zakura, eta finalerako sailkapena ziurtatuta.

Azken emaitzari begira zeresanik ez zuen hirugarren partidan Uribe eta Markaida izan ziren protagonista nagusiak. Aurrelari arabarrak bederatzi sake sartu eta beste zor-tzi tanto egin zituen jokoan. 22-7 Egoitz Etxabe eta Ekaitz Salaberriaren aurka.

Huraxe izan zen atzo Beloki pilotalekuan gasteiztarren garaipen bakarra.