Helene Alberdik sasoi ederrean dagoela erakutsi zuen Donostian. Zarauzko Triatloian lehen aldiz gailendu eta egun gutxitara, Zumaian bizi den bilbotarrak irabazi zuen Gipuzkoako hiriburuan jokatutako XXXV. Onditz Memoriala, bide batez Euskadiko Txapela ere eskuratuz.

Igerian egin beharreko 1.500 metroak Mikalya Messerek egin zituen azkarren. Garaipena lortzeko faboritoen artean zegoen australiarrak, minutu eta erdi inguruko tartea sartu zien Alberdiri eta Maddi Marquet donostiarrari. Alberdi, ordea, lehen postuan kokatu zen probaren bigarren zatian, bizikletan egin beharreko 40 kilometroetan, eta nagusitasuna berretsi egin zuen oinezko lasterketako hamar kilometroetan; kronometroa bi ordu, 13 minutu eta bost segundotan geldituz.

Anna Noguera kataluniarra izan zen bigarren (2;15.08), eta podiuma Maddi Marquetek osatu zuen (2;15.54). Messer laugarren izan zen (2;24:04), eta Olatz Marquet -Maddiren ahizpa-, bosgarren (2;26.48).

Alberdik Infinitri Halfde Peñiscola irabazi du aurtengo denboraldian, Espainiako Distantzia Erdiko Txapelketa eta Zarauzko Triatloia, eta orain, irailean Bilbon jokatuko den Europako Txapelketan ahalik eta lanik onena egitea izango du helburu.

Gizonezkoen lehian Kevin Viñuela izan zen garaile (1;55:39). Leongo kirolariak Cesc Godoyren atzetik amaitu zituen igeri egiteko segmentua eta bigarren zatia, baina Donostian lau aldiz nagusitu den kataluniarra oinezko azken itzulian gainditzeko gauza izan zen, helmugarako bi kilometro falta zirenean.

Godoyk 18 segundo beranduago amaitu zuen, eta Gonzalo Fuentes donostiarrak osatu zuen podiuma eta, horrekin batera, Euskadiko txapela jantzi zuen (1;56.05). Pello Osoro eibartarra laugarren izan zen (1;56:27).

Onditz Memoriala 349 lagunek bukatu zuten gizonezkoen lehiaketan, eta emakumezkoen proban berriz, 51 parte-hartzaile izan ziren.

Kevin Viñuela nagusi izan zen gizonezkoetan ?Cesc Godoy kataluniarra azken kilometroetan gaindituta