Super Amara Bera Berak EHF European League Women 2022-23 txapelketan parte hartzeko izena eman zuen atzo Guerreras Iberdrola Ligako txapelduna baita; horrenbestez, hirugarren aldiz jarraian parte hartuko du kluben arteko Europako bigarren txapelketa nagusian, eta 1993an Europan debuta egin zuenetik, 27. aldiz.

Ekainaren 28an amaituko da European League honetan izena emateko epea -hirugarren edizioa izen eta formatu horrekin-, baina Super Amarak dagoeneko bete ditu izapide administratiboak, besteak beste, EHFn fidan-tza gisa 15.000 euro gordailutzea.

Europako Federazioak uztailaren 12an argitaratuko du parte hartuko duten taldeen zerrenda; hurrengo egunetan azalduko dute zein taldek euren ibilbidea zein fasetan hasiko duten; eta lehen kanporaketako zozketa, irailaren 11rako eta 18rako aurreikusita dagoen Q1 deiturikoa, uztailaren 19an egingo du.

Aurreikusita dagoenez, urriaren 8tik 16ra bitartean jokatuko den Q2aren zozketa irailaren 20an egingo da; eta, Europako txapelketa azarora aurreratu denez, multzoen faserako sarbidea ematen duen Q3a, abenduaren 3tik 11ra bitartean jokatuko dena, urriaren 18an zozketatuko da.

2023ko urtarrilaren 7tik otsailaren 19ra bitartean jokatuko den ligaxka horretan sartzea izango da; Bera Berak datorren denboraldirako duen helburu nagusienetako bat.