Síguenos en redes sociales:

"Txapeldunorde izatea jokoan"

Eskubaloia Granollersen aurkako gaurko partidaren garrantzia azpimarratu zuen Cuetarak

- Bost jardunaldiren faltan, kataluniarrek puntu bat gehiago dute, joan den larunbatean irundarrek Cuencan galdu ostean; inolaz ere, sarrera guztiak agortu dituen Artalekuren magia baliatzea espero du Bidasoak, bigarren postua berreskuratu eta azken lau partiduei abantaila horrekin aurre egiteko.

Bien arteko lehiak sortzen duen tentsioa ez zuen ezkutatu nahi izan entrenatzaile bidasotarrak; denboraldi honetako hirugarrena izango da, Granollersen (28-34) irabazi, eta Kopako final-laurdenetan Granollersekoek luzapenean eskuratutakoaren ondoren (36-37): "Tentsioa bai, txapeldunorde izatea jokoan izango denez, oso partida garrantzitsua delako", azaldu zuen Cuetarak.

Hala ere, entrenatzaile asturiarrak ez zuen finala denik esan nahi izan, nahiz eta gero zehaztu: "Ez nuke esango finala denik, beraiek irabaziz gero izan badaiteke ere. Hala gertatuko balitz, nekez murrizteko moduko abantaila hartuko lukete".

Bidasoako prestatzailearen ustez, lehen itzuliko norgehiagokatik Kopako partidara bitartean "Granollersek eboluzionatu egin du, hainbat jokalarik hobekuntza aipagarria izan dutelako"; ikusi besterik ez dago, "selekzioen konpromisoetako azken geldialdian hiru jokalari izan dituztela Espainiarekin", eta hori "oso nekez lortzen da".

Horregatik, duela hilabete Antequeran gertatu bezala, "oso partida parekatua, tentsio handikoa" espero du Cuetarak. "Ezin esan kalitate handiko partida izango denik, baina helburu handi baten atzetik dabiltzan bi talde handiren arteko borroka polita izango da", gaineratu zuen.

Bidasoaren aldetik hiru jokalari garrantzitsu zalantzan izango dira azken unera arte: Julen Aginagalde, Kauldi Odriozola eta Xoan Ledo.