DONOSTIA - Normaltasunera bidean gauden honetan, bizitzako gauza txikiak eta handiak berreskuratzen ari gara poliki-poliki. Izan ere, otsailaren 12an, Deustoko Donostiako kanpusean, Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzako (EAZ) eta EAZ + International Management Skills-eko gradudunen izendatze ekitaldiak egin ziren aspaldiko partez, 2020 eta 2021 urteetan, pandemiaren ondorioz, bertan behera gelditu baitziren.

Deusto Business School Ekonomia eta Enpresa Zientzien Fakultateak antolatuta, ekitaldiak Loiola Centrum aretoan egin ziren. Bertan, Xabier Riezu campuseko errektoreordea izan zen, eta harekin batera, Fakultateko ikasleak, irakasleak eta administrazio eta zerbitzuetako langileak bildu ziren. Ekitaldian honakoek hartu zuten parte, besteak beste: Álvaro de la Rica (Deusto Business Schooleko dekanoa), Agustín Garmendia (Deusto Business Alumniko presidentea), Asun Ibañez (Deusto Business Schooleko dekanordea) eta Mila Pérez (Deusto Business Schoo-leko idazkariordea). Ikasleei dagokienez, Elena Álvarez, Asier Uranga, José Luis Escobar, Ainhoa Unamuno, Jon Ander Lie, Irene Revuelta eta Cecilia Aranak hitzaldi bana eskaini zuten Unibertsitatean bizitako esperientziaren inguruan. Jon Sagastagoitia S.J. Donostiako campuseko Pastoraleko Zerbitzuko arduradunak gradudun berriei bedeinkapena eman zien, ekitaldi xume eta hunkigarrian.

LAN MUNDUAN ESPERIENTZIA Gradudun berri horietatik ia guztiek seihileko bateko egonaldia egin dute atzerrian, Deusto Business Schoolek nazioarteko 70 unibertsitate baino gehiagorekin dituen akordioei esker. Era berean, ikasle guztiek lan munduan esperientzia izateko aukera izan dute, Fakultateak 400 enpresa baino gehiagorekin dituen lankidetza hitzarmenei esker. Deusto Business Schoolek prestakuntza integrala eskaintzen du eta, beste zenbait ezaugarriren artean, nazioarteko ikuspegia eta orientazio praktikoa uztartzen ditu. - N.G.