- Azti zentro teknologikoak egin duen Juvena kanpainaren arabera, 230.000 tonakoa da Bizkaiko Golkoan bizi diren urtebete baino gutxiagoko antxoen biomasa. Horren arabera, biologoek errekrutamendu ona -maila ertaina edo altukoa- iragartzen dute datorren urteko arrantza kanpainarako. "Udazkenean zenbat antxoa gazte dauden jakiteak aukera ematen du hurrengo udaberrian eta udan heldu izatera zenbat ale iritsiko diren aurreratzeko, aldi horretan gerta- tzen baita ugalketa eta egiten baita arrantza" azaldu du Guillermo Boyrak, Azti ko arrantza kudeaketa jasangarriaren arloko ikertzaile eta Juvena kanpainaren arduradunak.
"Kudeaketa jasangarria eginez baino ezin dira bermatu espeziearen biziraupena eta jarduera ekonomikoaren etorkizuna. Sektorean 3.500 lagun baino gehiagok egiten dute lan, arrantza sektorean eta kontserben eta elikaduraren industrian" gaineratu du.
Eusko Jaurlaritzak bultzatutako eta Azti zentro teknologikoak urtero egindako ekimen honek "Bizkaiko Golkoko uretan arrantza arduratsua eta jasangarria izaten lagundu du, bai eta etorkizuneko belaunaldietarako itsas baliabideak zaintzen ere", nabarmendu du Boyrak.
Juvena 2020 azterketaren bidez lortutako datuen arabera, berretsi egiten da udaberrian Bioman kanpainak egindako diagnostiko ona. Orduan antxoa helduaren biomasa 330.000 tonara iritsi zen, inoiz neurtutako handiena. "Aurtengo biomasaren kalkuluak erakusten du antxoa maila osasuntsuan dagoela. Ez da jokaleku arriskutsurik hautematen datorren urteko arrantza kanpainarako, eta iragarpenek aurreratzen dute 2021ean errekrutamendua ertaina-altua izango dela", ziurtatu du Aztiko ikertzaileak.
Juvenak jasotako datuak gehitu egingo zaizkie Peltic kanpainak Itsaso Zeltikoan eta Mantxako kanalean lortutako informazioari eta Portugalgo kostaldean Instituto Español de Oceanografíak eta Instituto Português do Mar e da Atmosfera erakundeek batutakoari.
Juvena 2020 azterketaren bidez lortutako datuen arabera, berretsi egiten da udaberrian Bioman kanpainak egindako diagnostiko ona