DONOSTIA - % 30,3 jaitsi egin da Kutxabank Taldearen irabazi garbia 2020ko lehenengo sei hilabeteetan, urtarriletik ekainera, iazko garai berdinarekin alderatuta. Aurten, koronabirusaren pandemiaren krisialdia dela eta, 137,6 milioiko irabazi garbiak izan ditu.
Emaitza hau horniduretara 187,3 milioi euro bideratu ondoren lortu da, 2019ko ekainean baino 72 milioi gehiago. Zuzkidura hau, hein handi batean ziurgabetasun-egoerari aurre egiteko gordeko da.
Negozioaren bilakaera erabat baldintzatu du Covid-19ak. BPG eta langabeen kopuru-tasak nabarmen okertu dira, finantza-merkatuak lurrunkortasun eta ziurgabetasun handiak jota daude, eta ezin da jakin gobernuek, EB-k eta banku zentralek hartutako erabaki eta neurriek zernolako eragin zehatzak izango dituzten.
Urteko lehen bi hilabeteetan, Bankuak bere buruari ipinitako helburuak betetzea lortu zuen, baina gizarte osoaren etxeratzeak aurrekaririk gabeko geldialdi ekonomikoa sortu zuen.
Nola nahi ere, seihilekoko jardueran jaitsierak nagusi izan arren, ekainean taldearen jarduera komertzialean berreskurapen zantzuak sumatu dira. Hain zuzen ere, banka-produktu nagusiek hilabete horretan izan duten bilakaera, iaz garai berekoaren gainetik kokatu da jadanik.
Honen erakusle da mailegu-hipotekarioak ekainean % 9,91 hazi izana iazko ekainarekin alderatuta, % 4,87 kontsumorako maileguak, eta % 14,4 aseguruen negozioak sortutako sarrerak.
Balantzetik kanpoko produktuen bilakaera are eta nabarmenagoa izan da, eta Taldea harpidetza garbietan lider izan da krisialdiak iraun duen bitartean.
Ekainean bertan, fondoetan izaniko harpidetza garbiak iaz hilabete berean baino lau aldiz handiagoak izan dira, eta zorro-delegatuetan bikoiztu egin dira. Bultzada hau erabakigarria izan da negozio sareek Administraturiko Baliabideak urtebetean % 7,2 hazteko.
Igoera nabaria izan duen beste alorretako bat mailegu-inbertsio produktiboa izan da, urtebetean % 4,1 goratu baita, banka korporatiboak eta instituzionalak sustatuta, ICO-ren eta Elkargiren bermearekin egin diren eragiketez gain.
KRISIARI ERANTZUTEKO EGOERA ONEAN
Testuinguru zail honetan, Kutxabankek oinarriko egoera oso sendoa duela, eta krisialdiak sortutako eraginei erantzuteko ongi kokatua dagoela erakutsi du.
Bere kaudimen egoerari dagokionean, pandemiak gogorren jo dituen alor ekonomikoekiko menpekotasun murritza du. Bere negozio-ereduaren sendotasunari dagokionez, finantza-agintariek eta merkatuak onetsi diote behin eta berriz.
Esaterako, EBA Europako Banka Agintaritzak berriki egin duen gardentasun ekitaldiak, seigarren urtez jarraian Kutxabank izendatu du Estatuko kaudimen-egoera onena duen bankua. Horrez gain, The Banker aldizkari ospetsuaren esanetan Espanian jarduera esanguratsuena duen bankua Kutxabank da, lider baita kaudimenean, palankatze-egoeran eta aktiboen kalitatean.
Hain zuzen ere, Taldearen kaudimen osoa eta Core Tier I ratioa Espainiako finantza-sistemaren buruan dira, % 17,2ko indizearekin.
Merkatuak bere kudeaketa-ereduan duen konfiantza balantzetik kanpoko baliabideen eskutik iritsi da, batik bat inbertsio-fondoekin, zorro-delegatuekin eta aurreikuspen planekin. Alor honetan, harpidetza berrietan zuen lidergoa sendotzea lortu du Kutxabankek.
2020ko lehen seihilekoan harpidetza garbietan bolumen handiena lortu duen Taldea izan da, guztira 985 milioi euro. Honela, aurrez zuen merkatu-kuota % 6,28raino handitzea lortu du, aurten oinarriko 50 puntu aurreratu eta gero. Honekin guztiarekin, merkatuko bostgarren kudeatzaile handiena da.
Berankortasun maila % 2,87raino murriztu da seihilekoaren amaieran, finantza-alor osoko txikienetakoa da, eta aurten oinarriko 11 puntu hobetu da. Honek bere mailegu-zorroaren kalitatea baieztatzen du, finantza-alorreko batezbestekoa baino hobea.
Beste kudeaketa-adierazleetan ere hobekuntzak izan dira. Errentagarritasunak ere hobetzen jarraitu du. ROTE % 5,7koa da, eta % 0,5ekoa ROA. Eraginkortasunari dagokionez, indizea % 53,5ean finkatu da.
Beraz, ziurgabetasunik gabeko egoera honi aurre egiteko oinarri sendoak ditu Kutxabankek kaudimenean. Aktiboen kalitatean maila garaia du, eta merkatuen konfiantza dauka.