- Urrezko Banakako Aizkolarien 23.edizioa, Hiru Hamarreko Harri-jasotze Txapelketa eta Emakumezkoen Harri-jasotze Txapelketa datorren larunbatean, ekainak 27, ospatuko dira. Ekitaldia Tolosan izango da, goizeko 11:00etan Leaburu industrialdean, Diva Pentsuak SL-ren egoitzan.

COVID-19ak guztiz geratu zuen herri kirolen jarduera. Hori dela eta, ekainean hasi, uztailean jarraitu eta abuztuan amaituko da Egur Sportek antolatutako herri kirolen denboraldia.

Geldialdi luze honen ondoren, Jon Rekondo leitzarrak eta Iñaki Azurmendi arriandarrak ekingo diote final laurdenetako lehenengo jardunaldiari. Bertan, lehiaketako final laurden guztietan bezala, hiru moduloetan banatutako zortzi enbor mozketa egin beharko dituzte. Hauen artean aterako den garailea 2018 eta 2019 urteetan irabazle izandako Iker Vicenteren aurka arituko da, uztailaren hirugarren astean.

Era berean, final laurdenetako bigarren berdinketan, Rubén Saralegi leitzarra eta Ugaitz Mugertza II mutrikuarra lehiatuko dira. Kasu honetan, uztailaren 4ean ikusiko dira elkar, Julen Alberdi Txikia IV azkoitiarra final erdietan zai izanik.

Final laurdenetako hirugarren eta azken lehia, Eneko Otaño beizamarrak eta Jesús Mujika ibartarraren artean izango da. Honako hau, uztailak 11n, eta bertako garailea Mikel Larrañaga 2019ko txapeldunordearen aurka lehiatuko da uztailaren azken astebukaeran.

Eusko Label sari honen garailea abuztuaren 1 edo 2an ezagutuko dugu. Bertan, final erdietako hiru garaileak lehiatuko dira Urrezko Banakako Aizkolari Txapelketaren txapela etxera eramateko.

Larunbatean hasiko da hiru hamarreko harrijasotzaileen txapelketaren edizio berri hau. Urdax Magunazelaia abadiñarrak eta Mikel Lopetegi Urra zarauztarrak ekingo diote, ekainak 27an, ligaxkako lehenengo jardunaldiari.

Txapelketak bi jardunaldi izango ditu, bertan sei partehartzaile izango dira eta horietatik hiru abuztuak 1 edo 2an ospatuko den finalera sailkatuko dira. Berean, lehen aipatutako bi harrijasotzaileez gain, Xabi Peña, Beñat Telleria, Imanol Albizu Goikoetxe eta Inhar Urruzuno izango dira txapela irabazteko lehiatuko direnak. Partaideek hiru modeloko harri desberdinekin lehiatuko dute. 125 kiloko zilindriko, kubiko eta esferikoekin hain zuzen ere. Helburua harri bakoitzarekin bi minututan ahalik eta altxaketa gehien egitea izango da.

Beste lehiaketekin batera, emakumeen harri-jasotze txapelketa ere bueltan da, larunbatean. Modalitate honetan, partaideek 50 kiloko harri zilindriko, harri kubiko eta bolarekin lehiatuko dute.

Lehiakideen artean, 15 urteko Udane Ostolaza dago, Joseba Ostolaza harri-jasotzaile historikoaren alaba. Baita ere, Karmele Gisasola mallabiatarra eta Virginia Finol nafarra.

Lehiaketaren lehen fasea larunbatean hasiko da Udane Ostolazarekin. Fase honetan harrijasotzaile bakoi-tza bi aldiz jardungo da bigarren faseko finalera iritsi arte. Ligaxkan parte hartzen duten hiru partaideak iritsiko dira finalera, eta lehen fasean eginiko marken arabera, harria noiz jasotzeko ordena ezarriko da.