- Osasun Sistema Nazionaleko Lurralde arteko Kontseiluak hirugarren dosiaren inguruan dauden ebidentzia zientifikoak biltzeko eskatu dio txertoen lantaldeari, hainbat kontseilarik atzo bilera amaitzean azaldu zutenez. Gauzak horrela, EMAk datorren astean covid-19aren aurkako txertoaren hirugarren dosi bat emateari buruz iritzia eman arte, gai horren inguruan erabakirik hartzeko Espainiako Gobernuak itxaron egingo du ebidentzia zientifiko gehiago bildu arte.

Hainbat autonomia-erkidegotik eskatu da indartze-dosiari buruzko irizpide bat: atzo bertan, Francisco Igea Gaztela eta Leongo presidenteordeak argi eta garbi eskatu zion Gobernuari adingabeen txertaketaren eta hirugarren dosien inguruko zalantzak argitzeko, oporren osteko ohiko jarduerara itzuli aurretik autonomia-erkidegoek beren estrategia planteatu ahal izan dezaten. "Ez dut uste hil honen amaierara arte hirugarren dosiaren inguruko irizpide argirik izatea lortuko dugunik, eta Ministerioa ere iritzi berekoa dela esango nuke", azaldu zuen Jose Maria Vergeles Extremadurako kontseilariak. Eztabaidak saihesteko eta teknikariei lan egiten uzteko eskatu ostean esan zuen Pablo Fernandez Asturiasko Osasun sailburuak, abuztuaren 23an, EMA eta gaixotasuna kontrolatzeko zentro europarrak, adierazpen bateratua egitekoak direla gai horren inguruan.

Eta hor entzundakoen arabera hartuko du erabakia Espainiako Gobernuak, Osasun Ministerioko iturriek azaldu dutenez, hori izan baita txertaketarekin jarraitutako prozedura: EMAren eta eskura dauden ebidentzien zain egotea, irizpide bat ezartzeko.

Zenbait herrialdek aurrea har-tzea erabaki dute, eta, esate baterako, Belgikak dagoeneko iragarri du covid-19aren aurkako txertoaren hirugarren dosi bat emango diela paziente immunodeprimituei; Austrian ere urrian hasiko omen dira. Estatu Batuetan ere immunodeprimitutako pertsonei ematekotan dira, eta litekeena da herritar guztiei ere zabaltzea; izan ere, Pfizerrek astelehen honetan luzatu baitizkie Estatu Batuetako arduradunei bere saiakuntza klinikoen atariko emaitzak, 16 urtez gorakoei covid-19aren aurkako errefortzu-dosi bat ematea onar-tzea iradokiz.

Gorakada zaharren egoitzetan Espainiako Gobernuak eta erkidegoetako gobernuek, egoitzetan zer nolako eraginkortasuna dutenaren inguruko iritzia emateko eskatu zioten txertoen lantaldeari, azken aldian erregistratutako kasuen gorakadaren aurrean. "Azterketa serologikoa ez da nahikoa, antigorputzen zifra oso altuak erakuts baititzake adinekoen artean, baina neutralizatzaileak ez direnak; azken ebidentziak kontuan izanik, azterketa sakonak egin behar dira, zer proba mota egin behar diren zehaztu, eta herrialde osoan zehar berdin-berdin egin, ondoren erabakia hartzeko", azaldu zuen Vergelesek.

Murtziako ordezkariak azpimarratu zuenez, Espainiako Gobernuak lege-esparruaren egokitzapenean sakondu behar du, egoitza eta zentro soziosanitarioetan zerbi-tzuak eskaintzen dituzten profesional sanitarioen eta soziosanitarioen txertaketaren derrigortasuna ezartzeko. Horrez gain, kutsa-tzeko arrisku handiena duten jardueretan ziurtagiri digitalaren erabilera bermatuko duen lege-esparrua aztertu eta garatzeko ere eskatu dio ministerioari.