Osasun ziurtagiria, txertaketa osoa edo PCR negatiboa erakustea, ezinbestekoa da Iparraldean jadanik. Ziurtagiria erakutsi beharko da 50 pertsona baino gehiago dauden lekuetan: museoak, zineak, antzokiak, zooak eta atrakzio parkeak, adibidez.

Danimarka, Austria eta Israelen bezala, Frantziako estatuan ere ziztadak jaso direla edo gaitza ez dela jasaten ziurtatzen duten agiriak beharrezkoak izanen dira abuztuan jatetxe eta zenbait saltegitan sartu ahal izateko. Emmanuel Macron presidenteak uztailaren 12an egin zituen iragarpenen ondotik, egunotan lege asmoa aztertzen dute legebiltzarkideek eta gaur goizeko Jean Castex lehen ministroak hitza hartuko du xehetasun gehiago eskaintzeko. Ipar Euskal Herriko merkatari eta ostalari askok beren kezka agertu dute ez baitakite zehatz neurria nola bete beharko duten.

Joan den asteburuan Baiona eta Angelura egindako bisitan txertoa herritar guztiek hartu dezaten ezinbestekoa dela adierazi zuen Castexek aurreko hilabeteetan hartu zituzten “neurri gogorragoak ekiditeko”. Fran-tziako agintariak kezkatuta daude kutsakorragoa den delta aldaera asko hedatzen ari delako eta jada laugarren uhaina eragin duelako. Mugan ere kontrolak zorroztuko dituzte.

Pirinio Atlantikoetan, inzidentzia metatua 100ekoa da ehun mila biztanleko eta Lapurdiko kostaldean 119 eta 165koa da, tokika, Hendaia eta Baiona artean. Hego Euskal Herrian ez bezala, Iparraldean herritarrek berek eskatu behar dute txertoa har-tzeko txanda. Macronek jakinarazi zuenetik osasun ziurtagiria orokortuko dutela txandak hartzeko eskaeren kopurua asko handitu da Ipar Euskal Herrian ere. Baionako Elkartetxean, 63.000 herritar txertatu dituzte jadanik eta eskaerari aurre egiteko mila hitz ordu gehiago eskaini dituzte baina ordu batez den denak hartuak izan dira. “12 eta 18 urte artekoei irekia denetik egunero gero eta gazte gehiago ikusten dugu” dio Jean Paul Ospital Angeluko alkate ordeak.

Frantziako estatu osoan bezala, Euskal Herrian ere milaka herritarrek ez dute txertoa hartu nahi eta manifestaldiak antolatu dituzte Baiona eta Hendaian. Urruñan, kontrakoak are gogorragoak izan dira larunbata eta igande arteko gauean ezezagun batzuek su eman ziotelako bertako txertatze gunea aterpe-tzen duen oihal etxeari. Baionako fiskalak ikerketa egitea eskatu dio poliziari eta ustezko erasotzaileei 10 urteko espetxe zigorra eta 150.000 euroren isuna eman diezaiekete.