Euskalgintzaren Kontseiluak 99 eragilek adostutako Hizkuntza-politiketan eragiteko adostasun soziala aurkeztu dute larunbat honetan Kursaalen. Hemendik aurrera Batuz aldatu izena hartuko duen adostasun dokumentu honekin euskararen erabilera erosorako baldintzak lortu nahi dituzte, hizkuntza-politikek izan behako lituzketen norabideak azaltzen dituelarik.

Dokumentua adostu duten eragile ugariz gain, instituzioetako ordezkariak ere izan dira ekitaldian. Besteak beste, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuorde Miren Dobaran, Gipuzkoako Foru Aldundiko Garbiñe Mendizabal, Gipuzkoako Batzar Nagusietako lehendakari Xabier Ezeizabarrena, Euskarabideko zuzendari Mikel Arregi, Donostiako Udaleko Euskara zinegotzi Jon Insausti, eta baita UEMAko zein Udalbiltzako ordezkariak ere.

Eragile politikoen ordezkaritza zabala ere presente izan zen Kursaalen: EAJ, EH Bildu, Geroa Sozialberdeak, Elkarrekin-Podemos eta EH Baiko ordezkariak.

“Hizkuntza-politiketan jauzia egiteko garaia zela esan genuen duela hilabete batzuk, eta jauzia egitera goaz”, azpimarratu du Paul Bilbao Kontseiluko idazkari nagusiak.

Batuz aldaturen edukiaren aurkezpena bi eragiletako ordezkariek egin dute; dokumentuarekin bat egin duten Elkar taldeko Joanmari Larrartek, eta Euskal Monetako Eva Mutiok.

Bi ordezkariek proposamena ardazten duten printzipioak zerrendatu zituzten: bereizkeriari aurre egiteko eta elkarbizitzan sakontzeko hizkuntza-eskubideak errespetatzeko beharra, hizkuntza-politikaren zeharkako izaera eta normalizazio-prozesuaren izaera soziopolitikoa eta progresiboa, besteak beste. Halaber, hizkuntza-politika “Euskal Herriko hizkuntza aniztasuna aintzat hartuta” garatu behar dela azaldu dute.

Jarraian, etorkizuneko agertokirako helburu nagusia aurkeztu dute: euskararen erabilera erosorako baldintzak sortzea. Horretara iristeko, hizkuntza-politikek hartu beharreko norabideak azaldu zituzten. Batetik, hizkuntzaren ezagutzaren unibertsalizazioa bultzatu beharko dela adierazi dute; eta bestetik, euskara eroso erabiltzeko eremuak sortu, garatu eta elkarlotu behar direla nabarmendu dute.

Ekitaldiaren amaieran Bilbaok hartu du hitza hurrengo hilabeteotan aurrera eramango dituzten erronken berri emateko. Lehenik eta behin, adostutako dokumentua eragile gehiagorengana iristeko beharra azaldu du. Horrekin batera, hizkuntza-politikaren beharrak arloz arlo zehaztu behar direla azpimarratu du eta amaitzeko, proiektuaren muina adierazi du: eragileek lortutako adostasun soziala adostasun politiko bihurtzea.