- Elhuyar Fundazioa, EHU, Lo Congres, Euskaltzaindia, Touluseko unibertsitatea eta Aragoiko gobernuak (LINGUATEC proiektua osatzen duten sei kideak) mugaz gaindiko hizkuntza-azpiegitura bat eraikitzeko adimen artifizialeko bikaintasun-sarearen sorrera manifestua irakurri eta sinatu zuten atzo Donostiako Miramar Jauregian.

LINGUATEC Eskualde Garapenerako Europako Funtsak finantzatu du POCTEFAren bidez (INTERREG V-A Espainia-Frantzia-Andorra programa). Lurralde-lankidetzarako Europako programa bat da, hiru herrialdeen arteko mugan dagoen lurraldearen garapen jasangarria sustatzeko sortua. Zehazki, komunitate zientifiko bat sortu du Pirinioetako bost hizkuntzen inguruan, hizkuntza horietako hiru berreskuratu eta biziberritzeko: euskara, okzitaniera eta aragoiera.

Hiru urteko ibilbidearen ondoren, LINGUATECek mugaz gaindiko biltzarra egin zuen atzo Donostian EHUko Udako Ikastaroen barruan, eta herengun Pauen izan zen topaketa.

Atzo irakurri eta sinatu zuten manifestuak adierazten du hizkun-tzek biziraun dezaten ingurune digitalean egotea ezinbestekoa dela eta POCTEFAren lurraldea hizkuntzaren ikuspegitik oso ani-tza denez, aberastasun hori balioan jarri behar dela. “Hizkuntza-teknologiek eraginkortasunez laguntzen dute Europako herritar guztien arteko berdintasuna lortzen eguneroko bizitzan, edozein dela ere hitz egiten duten hizkuntza. Nahiz eta hizkuntza gutxituek asko duten irabazteko hizkuntza-teknologiekin, egoera teknologiko ahula dute abiapuntu; izan ere, hizkun-tza horiek digitalki garatzeko tresnak eta baliabideak oso urriak dira, eta kasu batzuetan, ez dira existi-tzen”, dio manifestuak.

Josu Aztiria LINGUATEC proiektuaren koordinatzaileak hizkuntza-mugak haustearen garrantzia nabarmendu zuen: “Mugaz gaindiko lankidetza erreala sortzeko, oso garrantzitsua da hizkuntza-mugak haustea eta POCTEFA lurraldeko hizkuntzak sustatzea, lurraldeak duen balio ekonomiko, kultural eta linguistiko guztia balioesteko. Hizkuntzari aplikatutako adimen artifizialaren garapenak ahalmen eta aukera handiak eskaintzen dizkigu lurralde kohesionatua, inklusiboa, eleanitza eta adimenduna sortzeko”.

Adimen artifizialeko mugaz gaindiko bikaintasun-sareak azken urteetan LINGUATEC egiten ari den elkarlanari “itxura formalago bat” ematea du helburu eta proiektua amaitu den arren, elkarlanean jarraitu nahi dutela adierazteko modu bat dela nabarmendu zuten.

2018tik, hamahiru aplikazio, tresna eta baliabide sortu ditu LINGUATECek Pirinioetako hizkuntzak elkarrekiko lankidetzan eta interakzioan jardun daitezen: euskara-frantsesa itzulpen-sistema berria; frantsesa-okzitaniera itzulpen-sistema berria, aragoieraren lineako hiztegia, Aragoiko digitalizazioaren bide-orria, Pirinioetako hizkuntzen arteko itzulpenak egiteko aplikazioa, VOTZ (okzitanieraren ahots-sintesirako lehen tresna) eta euskararen hizketa-ezagutzarako sistema, besteak beste.

Hizkuntzek biziraun dezaten, ingurune digitalean egotea funtsezkoa dela uste dute bikaintasun-sarearen sinatzaileek