- Azkoitia eta Urretxu arteko obraren helburua egungo errepidearen trazadura hobetzea eta errepidearen plataforma handitzea da, bi erreitik hiru erreira, 1,3 kilometroko tarte batean, bi udalerrien arteko ibilbidearen erdian gutxi gorabehera, Aizpurutxo auzotik gertu. Lanek 7.759.602 euroko aurrekontua dute, eta hamabost hilabeteko iraupena izango dutela aurreikusten da."Errepide horrek dituen hamahiru kilometroak oso garrantzitsuak dira ibilbide hori erabiltzen duten milaka gidarirentzat, bai Zumarragako erreferen-tziako ospitalera joateko, eta baita bertatik Gipuzkoako gaitasun handiko biribilgunearekin konektatzeko ere. Lanek aukera emango dute joan-etorri horien segurtasuna eta erosotasuna hobetzeko", azaldu zuen Aintzane Oiarbide Bide Azpiegituretako diputatuak atzo eskaini zuen prentsaurrekoan.

Obra honekin, herrien arteko bidaia denborak murrizteaz gain, aurrera-tzeen segurtasuna areagotu nahi da. Horretarako, aurreratze tarteak eraiki nahi dira, norabide batean eta bestean txandaka jarrita. Egungo errepidearen plataforma handitu egingo da, bi erreitik hiru erreira, 1,3 kilometroko luzera duen tarte batean, Urretxu eta Azkoitia arteko hamahiru kilometroko ibilbidearen erdian.

Horrela, noranzko bakoitzean, txandaka, aurreratzeko tarte seguru bat eskaini ahal izango da, 400 metrokoa bakoitza. Orain egingo dutena errepide hori hobetzeko proiektuan aurreikusitako hiru aurreratze tarteetatik lehenengoa izango da.

Horrez gain, errepide zati horretan dauden hainbat sarbideren segurtasuna hobetzeko lanak ere aurreikusten ditu proiektuak.