Frantziako Konstituzio Kontseiluak hizkuntza gutxituen aldeko legea atzera bota du gaur eta ebazpen horren aurrean, Ikastolen Elkarteak bere “haserrea” eta “kezka” adierazi ditu. Ebazpenaren ondorioak “larriak” direla salatu du komunikabideetara bidalitako ohar baten bidez, batez ere, murgiltze ereduari dagokionean. “Gure ikastolak, beste behin, ataka larrian jarri ditu, eta berriro ere etorkizun ziurgabe baten aurrean ipini gaitu”, deitoratu du Ikastolen Elkarteak.

Konstituzio Kontseiluaren ebazpenak euskalduntze prozesuan eta murgiltze ereduaren garapenean aurrerapausoak ematea “eragozteaz” gain, atzera egitea “behartu” nahi dituela salatu du oharrean. “Hala ere, Euskal Herriko Ikastolen komunitateko kideok kosta ahala kosta defendatuko ditugu gure ikastolak; kosta ahala kosta defendatuko dugu murgiltze eredua; kosta ahala kosta defendatuko dugu Euskal Herrian euskaraz bizitzeko nahia eta eskubidea”, azpimarratu du.

Ikastolen komunitateko kideek euskaraz hezi eta bizitzeko asmoari “tinko” eutsiko diotela nabarmendu du eta gauza bera egiteko eskatu diete Euskal Herriko erakunde, hautetsi, alderdi politiko, sindikatu, hezkuntza eta euskalgintzako eragile eta herritar guztiei ere.

Amaitzeko, apirilaren 8an hizkuntza gutxituen aldeko legea babestu zuten diputatu guztiei frantsesa hizkuntza bakartzat “inposatzen” duen Frantziako Konstituzioaren 2. artikulua kendu edo aldatzeko ekimen bat abiaraztea eskatu diete.