Gipuzkoako Foru Aldundiak adineko pertsonak eta mendekotasuna duten pertsonak zaintzeko lurralde osorako estrategia bat aurkeztu du gaur goizean, Etorkizuna Eraikizen esparruan. Zaintzen tokiko ekosistemen garapenerako "asmo handiko eta lankidetzazko" sareak eta proiektuak bultzatzea da helburua. Horretarako, Aldundiak aurten laguntzen deialdi berri bat egingo du berrikuntza sozialeko, esperimentazioko eta garapen sozialeko proiektuak sustatzeko, "zaintzaren esparruan lurralde gisa egiten ari den lan guztia osatu eta egituratuko duena".

Markel Olano Gipuzkoako diputatu nagusiak egin ditu adierazpen horiek zaintzen tokiko ekosistemak sortzeko proiektuak abian dituzten udalerri batzuetako alkateekin izandako bileraren ondoren: Eneko Goia Donostiako alkatea, Izaskun Gómez Pasaiako alkatea, eta Agurtzane Solabarrieta Usurbilgo alkatearekin elkartu da Olano.

Diputatu nagusiak esan duenez, berrikuntza sozialetik abiatuta, arreta-eredu pertsonalizatuagoak, malguagoak eta komunitarioagoak sortzen lagunduko duten tokiko esperientzien garapena bultzatzen ari da Aldundia, etxeko arreta sustatzeko eta gizarte eta osasun sistemen arteko sinergiak hobetzeko. "Mendetasunaren prebentzioan eta autonomia pertsonalean sakontzen jarraituko dugu, iraupen luzeko zaintzak sustatuz eta zaintzaileei laguntza eskainiz. Aurreikuspenen arabera, 2035. urtean Gipuzkoako biztanleen erdiak 55 urte baino gehiago izango ditu; beraz, orain bultzatzen ditugun ekosistemek gero eta pertsona gehiagori lagunduko diete lurraldean".

TOKIKO EKOSISTEMAK

Donostian komunitate-dinamikak garatzen ari dira, elkarlaneko prozesu baten bidez, zaintzaren inguruko dinamikak sortu eta indartuko dituen funtsezko elementuak identifikatzen laguntzeko. "Zaintza balio publiko bat da, erakundeok eskaintzen dugun zerbitzu bat izatetik askoz haratago doana, eta horrek eskatzen du komunitate osoak horri erantzun integrala ematea", esan du Eneko Goia Donostiako alkateak.

Bestalde, Pasaia HerriLab proiektuaren bidez, Etorkizuna Eraikiz ekimenaren esparruan kokatzen dena, zaintza ekosistema lokal bat sortzen ari da. Horrela, estrategia partekatu bat garatzen ari da udalerrian hauskortasuna eta mendekotasuna artatzeko, eta, arreta-eredu horren bidez, gizarte- eta osasun-sistemak integratuko dira, komunitate mailan integrazio handia duten hainbat proiektu berritzaileekin batera.

Azkenik, Usurbilen, Agurtzane Solabarrieta alkateak azaldu duenez, zaintza-eredu bat kolektiboki eraikitzeko urratsak abiatu dira, gizarte zaintzaren kultura partekatu bat lantzea eragingo duena, berrikuntzan eta parte-hartzean oinarrituta. Izan ere, zaintza eredu hori erakundeen, zaintza sektorearen eta komunitateko eragileekin elkarlanean eraikiko da.