- Berrikuntza eta zibersegurtasunaren arloan aurrerapausoak ematen jarraitzeko Gipuzkoako Zibersegurtasun Industrialeko Zentroak (ZIUR) eta Euskal Herriko Unibertsitateak (UPV-EHU) indarrak batu dituzte.

Jabier Larrañaga Ekonomia Sustapeneko foru diputatu eta Ziur Fundazioko presidenteak eta Agustin Erkizia EHUko Gipuzkoako Campuseko errektore-ordeak lankidetza hitzarmena sinatu dute, helburuak finkatu, ezagutza partekatu eta prestakuntza sustatzeko asmoarekin.

Aldundiak atzo ohar baten bidez nabarmendu zuenez, akordioa lau urterako sinatu dute, beste lauz luzatzeko aukera aurreikusita, orain arte oso emankorra izan den bi erakundeon arteko lankidetza formalizatuz. Larrañagak azaldu duenez, covid-19aren pandemiak "sektore guztietan digitalizazio prozesua azkartzea ekarri du, industria barne, eta horrek abantaila ugari badakartza ere, zibersegurtasunaren mehatxuari ateak parez pare zabaltzea ekar lezake".

Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak emandako datuen arabera, 2020an delinkuentzia tasa %18 jaitsi zen Euskadin; aldiz, delitu informatikoak beste hainbeste (%18) hazi ziren. "Beraz, gaur egun zibersegurtasuna lantzea ez da aukerako kontua, beharra baizik, eta Gipuzkoa eta bertako industria ondo kokatuta daude arlo horretan ZIUR-ek egindako lanari esker". Hemendik aurrera baliabide gehiago izango dituzte, gainera, Gipuzkoako campusean Ingeniaritza Eskola eta Informatika Fakultatea dituen EHU bidelagun izanik.

Erkizia ere bat etorri zen diputatuarekin: "Zibersegurtasuna lehiakortasunerako funtsezko faktorea da gero eta digitalizatuago dagoen mundu honetan"; eta aliantza horren potentziala azpimarratu zuen, bi erakundeen "ezagutza, berrikuntza eta ikerketa emari" guztia bideratzen duelako, eta elkarrekin lan egin ahal izango dutelako prestakuntza duala sustatzen edota ekoizpen-beharretara egokitutako talentua sortzen.