A-636 errepideko bidesarien aurkako manifestazioa

Larunbatean egingo dute eta 12.00etan abiatuko da Urretxu eta Zumarragako Areizaga-Kalebarren plazatik

08.04.2021 | 01:04
Prentsaurrekoan parte hartu zuten plataformako kideak. Argazkia: A.Z.

zumarraga – A-636 (Beasain-Bergara) Peajerik Ez plataformak manifestazioa deitu du larunbat honetarako, errepide horretan bidesariak jartzearen aurka. Manifestazioa Urretxu eta Zumarragako Areizaga-Kalebarren plazatik abiatuko da, 12.00etan.

Plataformako kideek prentsaurrekoa egin zuten atzo arratsaldean Areizaga-Kalebarren plazan bertan. Errepide hori langileek eta ikasleek erabiltzen dutela eta urtero 384 euro ordaindu beharko dituztela gogoratu zuten. "Zifra hori urtez urte handitu egingo dela aurreikusten da eta ez dugu beste aukerarik: errepide zaharra ez da baliozko aukera".

Aintzane Oiarbide diputatuak azaldutako eta Urretxu eta Zumarragako alkateek bere egindako argudioek ez dutela balio gehitu zuten. Plataformako kideek Europak ez duela Aldundia bidesariak jartzera behartzen, Europako herrialde askotan ez dagoela bidesaririk, Espainia bidesariak ken-tzen ari dela, biztanle eta boto gehien dituzten tokietan (Bizkaian bezala) ez dutela bidesaririk ordainduko eta obra zazpi urtetan amortizatuko dela aipatu zuten. "Kobratzeari utziko al diozue orduan, ala Bizkaian bezala egingo al duzue?". Aipatutako agintarien dimisioa eskatu zuten "gezurrak era interesatuan" esateagatik.

Bidesaria, mailegua eman duten banketxeek Aldundiari jarritako baldintza bat dela eta bidesarietatik jasoko den diruaren zati handi bat A-636 errepidearekin zerikusirik ez duten gastuak ordaintzera bideratuko dela gehitu zuten.

Azkeneko mezua EH Bildurentzat izan zen. Koalizioari, inoiz Gipuzkoako Foru Aldundiaren erantzukizuna hartzen badu bere jarrera zein izango den argitzeko eskatu zioten. Ea A-636 errepidean bidesariak kobratuko dituen ala ez, alegia.