Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Politika sailak eta Euskal Wikilarien Kultura Elkarteak Txikipedia aplikazioa sortu dute, 3.000 artikulu baino gehiago dituen haur eta gazteei zuzendutako Wikipedia. Txikipediaren webguneak hiru urte daramatza martxan, baina CodeSyntax enpresak android eta ios-erako aplikazioa garatu du orain 8 eta 12 urte arteko ikasleentzako tresna pedagogiko garrantzitsua izateko helburuarekin. Gainera, gurasoentzat ere lagungarria da bereziki prestatutako materiala biltzen duelako eta seme-alaben etxeko lanetan laguntzen duelako.

Eusko Jaurlaritzaren Donostiako egoitzan egin dute aurkezpena gaur goizean eta bertan izan dira Hizkuntza Politikarako sailburuorde Miren Dobaran, Euskal Wikilarien Elkarteko Galder Gonzalez eta CodeSyntax-eko Luistxo Fernandez. “Txikipediak gure ikasle gazteenek eguneroko lanerako behar dituzten edukiak eskaintzen ditu”, azaldu du Dobaranek. Wikipediatik sortu den txikienentzako euskarazko lehenengo entziklopedia da eta egunero 1.500 ikustaldi ditu batez beste, 553.000 azken urtean. 2019an, 355.000 izan ziren, egunean 968. “Urtebetean %55 igo da ikustaldi kopurua; beraz, esan behar da gero eta jende gehiagok ezagutzen duela eta helburua gero eta gehiago zabaltzea dela”, azpimarratu du Dobaranek.

Gazteei urrunegi geratzen zaizkien Wikipediako gauzak azaltzea da Txikipediaren asmoa. “Erronka bat da, izan ere umeen jakin-mina existitzen baita eta eskoletara joaten ginenean esaten ziguten Wikipediako artikulu asko haurrentzat sakonegiak edo luzeegiak zirela, eta termino asko ez zituztela ulertzen”, azaldu du Gonzalezek. Horren ondorioz, duela hiru urte Txikipedia jarri zuten martxan 1.000 artikulurekin eta hiru urte hauetan asko hazi da eduki kopurua: dagoeneko 3.000 artikuluren muga gainditu du.

Gainera, gero eta eskola gehiagotan ari dira artikuluak sortzen entziklopedia horretarako. “Adibidez, Zumaiako Institutuan ia astero sortzen dute artikuluren bat ikasleek. Ikasgai bakoitza amaitzen dutenean horrekin erlazionatutako hainbat puntu aukeratu eta Txikipediara igotzeko testuak prestatzen dituzte. Gainera, ikastolekin ere proiektu bat egiten ari gara martxoan 250 emakumeren biografiak sortzeko”, nabarmendu du Gonzalezek.

EUSKARAZKO WIKIPEDIA

Euskarazko Wikipediak ere hazten jarraitzen du. Gaur egun, 372.000 artikulu ditu eta existitzen diren Wikipedien artean, 32. postuan dago artikulu kopuruari dagokionez. Europako hainbat hizkuntza ofizialen gainetik dago artikulu kopuruan, tartean greziera, daniera edo estoniera baino hobeto.

Artikuluen edukia bikoiztu baino gehiago egin da proiektua hasi zenetik (%138). Unibertsitateko ikasleek, tarte honetan, bost milioi hitz gehitu dizkiote euskarazko Wikipediari eta ehunka Txikipediako artikulu sortu dituzte jada. Gainera, Dobaranen arabera, pandemiak argi utzi du euskarazko edukiak bilatzeko online erreferentziak beharrezkoak direla eta iazko martxotik aurtengo otsailera 129 milioi orrialde zerbitzatu dira euskaraz, aurreko urtean baino %34 gehiago.