XVI. mendeko dolarea Gordailuan

13.03.2021 | 00:12
Dolarea lekualdatzeko garabi baten laguntza behar izan zen. Argazkia: N.G.

Oiartzungo Udalak Garmendi baserriko dolarea dohaintzan eman dio Foru Aldundiari. Atzo sagardoa egiteko estruktura erraldoia Irungo biltegira eraman zuten, behar dituen baldintza egokietan mantendu ahal izateko.

Oiartzungo Udalak Iturrioz auzoko Garmendi baserriko XVI. mendeko dolarea dohaintzan eman dio Gipuzkoako Foru Aldundiko Gordailuari. Honela, Irunen kokatua dagoen baliabide zentroan jasoko dute kultur ondare baliotsu hau aurrerantzean.

Garmendiko dolarea oso berezia da, oso-osorik kontserbatzen baita. Gipuzkoan ezaugarri hauetako bakarra da.

1994an jaso zuen Udalak Garmendiko dolarea dohaintzan, Iragorri familiaren eskutik. Urte hauetan, udal biltegian egon da eta atzo, Ibarreko biltegitik Gordailuara lekualdatu zen. Kamioi batean eraman zuten dimentsio handitako eraikun-tza hau. Bertan beharrezko dituen baldintza egokietan mantenduko dute.

Izan ere, ondarearen inguruan Oiartzun egiten ari den lanketari esker, dolarearen ondare-balioa identifikatu eta Udalak baino egokiago kontserbatzeko gaitasuna duen erakunde baten esku uztea erabaki da.

Ezustekoa

Baserriaren estruktura

1993an lanak

Garmendi baserriko jabeek ez zekiten bere etxean horrelako dolarerik zegoenik, baina 1993an baserria berritzeko lan batzuk hasi zituztenean topatu zuten. Izan ere, dolareak baserriko estruktura osatzen zuen.

Atzo Euskadi Irratiko Faktoria programan, Josebe Iragorrik etxeko zati horri dolarea deitzen ziotela esan zuen, baina bertan bat zegoela jakin gabe. "Arbelaitz eta Lekuona (Izadi elkartekoak) etorri ziren hau baserri zaharra zela eta zerbait aurki zitekeela esanez eta beraiek deskubritu zuten. Biga bat ikusi zuten eta dolare bat zela konturatu ziren", azaldu zion Iragorrik kazetariari. Biga horiek paretarekin estalita zeuden. Iragorri familiako baserria sagardotegia ere izan zen, baina orduan dolare elektrikoa erabiltzen zuten, inoiz 500 urteko dolare bat bertan zegoenik jakin gabe.

Dolarea sagardoa ekoizten zen etxe edo eraikina eta izen bereko sagar patsa estutzeko tresna ziren. XVI. eta XVII. mendeetan zehar ia baserriak adinako dolareak eraikitzen hasi ziren, hortaz dolare-baserriak edo dolare-etxeak sortu ziren, hauek ere dolare izena hartu zutelarik. Izan ere, gaur egun dolare edo tolare toponimoa oso zabaldua dago, baserri askok bere sagardoa ekoizten zutenaren adierazgarri. Halere XIX. mendetik aurrera dolare-etxe hauek desagertuz joan ziren.

Atzoko lekualdaketan Gordailuako Xabier Kerexetak ere parte hartu zuen. Honek Faktoria programan azaldu zuenez, mota honetako dolare ezagunena Ezkio-Itsasoko Igartubeiti baserrikoa da, XVI. mendekoa ere. Baina Garmendikoa XVI. mendeko bukaerakoa da eta trantsizioko tresna dela esan daiteke, prentsa modernoago baterako hainbat moldaketa egin zitzaizkiolako. Hala ere egurrezkoa izaten jarraitzen zuen.

Dolarearen lekualdatzea ikusten egon ziren Iosune Cousillas Kultura zinegotzia, dolarea biltegiratu zuen Joxe Kruz Ezeiza Kaxka eta Garmendiko familiako hiru senide: Josebe, Jose Inazio eta Mailu. Gordailuatik, Xabier Kerexeta eta Suberri Matelo izan ziren bertan.

Iragorri familiako etxean aurkitutako prentsa oso-osorik kontserbatzen da, Gipuzkoan ezaugarri hauetako bakarra izanik