- Plaiaundiko atzealdetik, Mendelu eta Pierre Loti oinezkoen ibilbideak lotzeko asmoz, Txingudiko San Lorentzo aintzira handitu, eta ingurumenarekin lotura zuzena duten espazio naturalen konektagarritasuna ere hobetuko du Eusko Jaurlaritzak. Proiektu horrek 2,5 milioi euroko aurrekontua izango du, eta aurtengo bigarren seihilekoan hasita, lanak bederatzi hilabetez luzatuko direla aurreikusten da.

Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuak atzo aurkeztu zuen egitasmoa Txingudiko Erakunde-arteko Mahaian. Batzorde horretan izan ziren, Gipuzkoako Foru Aldundia, Irungo eta Hondarribiko Udalak eta Espainiako Gobernuko Kostaldeen lurralde ordezkaritza.

Ekimenaren lan nagusia lur mugimendua egitea izango da, horrek ekarriko baitu lursaila egokitzeko aukera. Betelanak eta indusketa-lanak ere egin beharko dira, mareetara irekita egongo den aintzira itxuratuko duen geometria osatzeko helburuarekin.

Lurzoruaren egokitzapen lanekin bukatu ostean, bidegorriaren urbanizazio-lanei ekingo zaie, zolatze-lanak, lantegi-obrak egikaritu, eta argiztapen- eta instalazio-sare berri bat ipiniz, besteak beste. Gainera, Mendeluko ibilbidearen hainbat puntu elkartuko dituen pasabideak eraikitzea ere aurreikusten da.

Ingurumen-espazioak hobetzeko lanei dagokienez, birsorkuntza ekologikoaren irizpideak izango dira eredu. Izan ere, helburua Plaiaundiko marearen eragin-eremuaren jatorrizko ezaugarri botanikoak berrezartzea izango baita. Alegia, lursailen baldintza egokiagoa izatea, espezie migratzaileak erakarri ahal izateko.

Ekologikoki, ingurumenari eta paisaiari dagokionean balio handikoa den eta aldaketa antropiko itzulgarriak dituen espazio horretan oinarritzen da proiektu hau. Bertan gauzatuko diren lanekin, marearteko eremuekin lotzen diren padura-ekosistemak lehengoratzea lortu nahi da, hainbat ingurumen jarduera gauzatuta.

Euskadi Next Planean, Eusko Jaurlaritzak 27,4 milioi euro eskatu ditu Txingudi berreskuratzeko ekimenari behin betiko bultzada emateko asmoz.

Txingudiko ingurunea erreferen-tziazko espazio natural izatea lortu nahi da, eta horretarako, hainbat jarduera jarri dira abian; hala nola, Txingudiko estuarioko ekosistemen arteko lotura hobetzea, bisitarientzako ibilbide seguruak sortuz; Bidasoa ibaiaren ertzak oinezkoen eta bizikleten ibilbideekin lotzea, trenbide eta errepide oztopoak gaindituz; espaziorik sentikorrenak zaindu eta bisitak mugatuta eskaintzea; Txingudiko hezeguneak handitzea; Plaiaundiko kirol-instalazioak beste kokaleku batera eramatea eta ur gezako aintzira handitzea; lurreko faunarentzako konektagarritasuna hobetzea, azpiegituren azpiko pasabideen bidez; eta Txingudiko padurak hobetzearen alde lan egiten duten eragileen arteko lankidetza indartzea.

Marearteko eremuekin lotutako padurak berreskuratu nahi dituen ingurumen jarduerak 2,5 milioi euroko aurrekontua izango du