- Azken bi urteetan zendutako bost euskaltzaini omenaldia egiteko baliatu zuen Euskaltzaindiak urtarrileko lehen Ageriko bilkura, Donostiako Tabakaleran. Horrela, lehengo urtean hildako Jean-Baptiste Etxarren, Angel Ibisate, Pierre Andiazabal eta Joan Mari Torrealdai omendu zituen Akademiak; eta baita 2019ko abenduan zendu zen Juan Antonio Letamendia ere.

Andres Urrutia euskaltzainburuarekin batera, ekitaldian izan ziren Ander Aizpurua Kutxa Fundazioaren zuzendari nagusia, Nekane Arzallus Donostiako lehen alkateorde eta Hirigintza Jasangarriko zinegotzi eskuordetua, Garbiñe Mendizabal Gipuzkoako Foru Aldundiko Hizkuntza Berdintasuneko zuzendaria eta baita hildakoen senideak ere.

Urrutiak zendutako euskaltzainek euskara eta euskal kulturarekiko erakutsi zuten "konpromiso irmoa" azpimarratu zuen eta baita horiek sustatzeko guztiek egin zuten ahalegin "izugarria" ere.

Jarraian, Jose Antonio Mujika euskaltzain urgazleak Juan Antonio Letamendia (Donostia, 1940-Hondarribia, 2019) euskaltzain urgazlearen hilberri-txostena irakurri zuen, haren ibilbide osoa berrikusiz. Ondoren, Jean-Baptiste Dirassar ohorezko euskaltzainak Jean-Baptiste Etxarren (Donazaharre, 1928-2020) euskaltzain urgazleari buruz idatzitako txostena irakurri zuen Jean-Baptiste Coyos euskaltzain osoak, haren izena eta izana gogoratuz.

Elena Martínez de Madina euskaltzain urgazleak Angel Ibisate (Gasteiz, 1932-2020) euskaltzain urgazlearen bizitzako pasadizoak irakurri zituen eta Xipri Arbelbide ohorezko euskaltzainari egokitu zi-tzaion Pierre Andiazabal (Urruña, 1923-Kanbo, 2020) apaiz eta itzultzailearen biografia azaltzea.

Amaitzeko, Paulo Agirrebaltzategi ohorezko euskaltzainak Joan Mari Torrealdai (Forua, 1942-Usurbil, 2020) euskaltzain emerituaren ibilbidea izan zuen gogoan.

Zendutakoen ibilbideak mintzagai izateaz gain, Tabakalerako ekitaldia Joxan Goikoetxea musikariak eta Klara Mendizabal abeslariak girotu zuten, honako hiru pieza hauek interpretatuz: Xabier Leteren hitzak dituzten Nafarroako azken erreginak Donapaleun eta Jardin bat zure-tzat; eta Pedro Mari Otañoren Donostiyako ziudadia.