- Ohar baten bitartez, Gipuzkoako Autoeskolen Elkarteak (GAEk) "gidabaimena lortzeko azterketetan dagoen kolapsoa" salatu du. Elkartearen arabera, "gure lurraldeak aspalditik pairatzen duen arazoa da, eta konpondu beharrean, kronifikatzen eta handitzen ari da". Bere "egonezina" azaldu du horrela, "azterketak egiteko kolapsoa gero eta handiagoa" delako eta "konponbide falta" sumatzen dutelako.

GAEk bere ikasleen "ezinegona eta haserrea" adierazi zuen, eta Probintziako Trafikoko Buruzagitzari eta Gobernuaren Ordezkaritzari eskatu zien "egoera hori konpon-tzeko, lurraldeari aztertzaile eta administrari gehiago emanez. Eta beharrezko aztertzaile berriak prestatu bitartean, funtzionario azter-tzaileek aparteko orduak egiteko aurrekontua eskura jartzeko".

Elkarteak kritikatu duenez, "kolapso horrek kalte egiten die bai gizarteari eta, espresuki, azterketa egin nahi duten ikasleei, lan egiteko ez ezik, mugitzeko askatasun hutsagatik gidabaimena behar dutenei".

Adierazi zuenez, Gipuzkoan 5.117 ikaslek dute proba teorikoa gaindituta eta azterketa praktikora deitu zain daude. "Gipuzkoan sei azter-tzaile finko daude eta bakoitzak, gehienez, 12 ikasle aztertzen ditu egunean", adierazi zuen.

"Kopuru hori murriztu egiten da pistako azterketak edo azterketa teorikoetan zaintza-lanak egin behar badituzte, eta benetako gaitasuna eguneko 60 ikasle baino gutxiagokoa da; eta horixe da azterketa-hitzordu baterako itxaron-zerrenda luzeen arrazoia", gaineratu zuen.

Elkartearen esanetan, "gaur egungo azterketen erritmoak, kolapsoa arindu beharrean, itxaron-zerrendak haztea dakar etengabe", eta gaineratu zuenez, "aparteko azterketak arratsaldez eta larunbatetan egiteko borondatea adierazi dute aztertzaileek, eta irtenbiderik egokiena ez izan arren, egoera arinduko lukeen adabakia izango litzateke; DGTk ez du, ordea, ezinbesteko aurrekontu ekonomikoa baimentzen".

Elkarteak Eusko Jaurlaritzari eskatu zion, halaber, "arazo honi konponbidea topatzeko ahalegina egin dezala, azterketa-zerbitzuaren transferentzia-prozesua azkartuz, urtarrilaren 17ko 4/1983 Dekretuaren arabera, zeinak azterketak egitea barne hartzen baitu".