Atzo aurkeztu zuten sagardotegi denboraldi berria Kursaalen eta bertan izan ziren Euskal Sagardoa jatorri deiturako ordezkariez gain, Gipuzkoa, Bizkaia eta Arabako Sagardogileen Elkartetako ordezkariak ere.

Pandemiak baldin-tzatutako denboraldia izateak baditu bere alde onak, uzta berria mahaian eserita dastatu beharko baita, antzinako kontsumitzeko modua berreskuratuz. Horretarako, pitxer edo botila gardenak erabiliko dira eta horietako bakoitzak txarteltxo bat izango du kontsumitzaileak zein kupeletako sagardoa eta zein motakoa probatzen duen jakiteko.

Urtero bezala, sagardotegi denboraldiak urtarrilaren 15ean hasi beharko luke, baina ezohiko egoera honetan data hori atzeratzea erabaki dute. Eusko Jaurlaritzako LABI ba-tzordeak urtarrilaren 12an argitaratutako dekretuaren araberako protokoloa ere adostu dute Gipuzkoa, Bizkaia eta Arabako sagardogileek, eta horrek hainbat aldaketa ekarriko ditu sagardotegietara.

Denboraldi berriari dagokionez, nabarmentzekoa da bezeroek ezingo dutela kupeletara gerturatu txotx egiteko, eta guztiek mahaian eserita egon beharko dutela uneoro. "Sagardoa botila edo pitxer gardenetatik edatea proposatzen dugu. Horrela, jendeak sagardo berri honen kolorea ikusteko eta produktua dastatzeko aukera izango du", azaldu zuen Unai Agirrek, Euskal Sagardoa jatorri deiturako koordinatzaileak.

Pitxer eta botila horietarako zintzilikario batzuk diseinatu dituzte, eta txartel horietan bezeroa kontsumi-tzen ari den sagardoaren informazioa agertuko da. "Kupelaren zenbakia edo bestelako informazioa eskainiko dute kontsumitzaileari lagungarri izan dakion, eta horrez gain, txarteltxoak QR kode bat ere eramango du norbaitek produktuaren edo sagardotegiaren inguruko informazio gehiago behar izanez gero", azaldu zuen Agirrek. Txartel berbera ezarriko da kupeletan ere, jendeak zer sagardo edaten ari den jakin dezan.

Urtarrilaren 12ko dekretuak indarrean dirauen artean, mahaian seiko taldeak egongo dira gehienez, eta bezero guztiek eserita egon beharko dute, distantziak errespetatuz. Gainera, iluntzeko 20.00etan itxiko dira sagardotegietako ateak.

Hala ere, badago kontuan hartu beharreko salbuespen bat: otorduan zehar, pitxerra betetzera altxatu ahal izango da mahai bakoitzeko arduraduna, eta sagardogilearen laguntzarekin taldeak dastatu nahi duen upeleko sagardoarekin beteko du. "Aukera desberdinak egongo dira eta hori sagardotegi bakoitzak erabakiko du. Baina taldeko arduradunak upeletara joan eta sagardotegiko langilearen laguntzarekin pitxerra betetzeko aukera izatea proposatu dugu", esan zuen Agirrek.

Sagardotegietan 2020ko uzta dastatu ahal izango da aurten, eta kopuruari dagokionean Euskal Herrian sagar urte txikia izan da. "Euskal Sagardoa jatorri deituran 2019ko uztan bost milioi eta erdi kilo bildu bagenituen, 2020ko uztan bi milioi pasa kilo sagar bildu ditugu. Horren ondorioz, 1.200.000 litro Euskal Sagardo ekoitzi dira, aurreko urtekoaren hirutik bat", zehaztu zuen.

Jatorri deiturako aurtengo sagardoa "izaera eta gorputz handikoa" omen da, klimaren eta uzta txikiagoa izatearen eraginez. "Sagardo desberdin asko probatzeko aukera egongo da eta, esango nuke, oso urte interesgarria dela sagardoak dastatzeko", nabarmendu zuen.

Ekoiztutako sagardo guztiaren %5 bideratuko dute sagardotegietara, gainontzeko %95a botiletan saltzeko gordeko baitute. Aurtengo berrikuntza pitxer eta botila gardenak badira ere, supermerkatuetan eta dendetan sagardoa ohiko botila berdeetan saltzen jarraituko da, behin uzta berria botilaratzen dutenean. "Euskal Sagardoaren kasuan, sagardotegietan kontsumituko dituzuen botila garden horietan garbi jarriko du Euskal Sagardora bideratutako sagardoa dela; ez da berez Euskal Sagardoa, oraindik ez baititu kalifikazioak pasa botilaratu ahal izateko", zehaztu nahi izan zuen.

Sagardotegiko menuak bere horretan jarraituko du eta plater nagusia mahaiaren erdian zerbitzatuko da. Hala ere, bezero bakoitzak bere platera izango du eta pertsona bakarra arduratuko da janaria gainerakoei zerbitzatzeaz. "Hori ere aldaketa da sagardotegi batzuen kasuan, nahiz eta beste batzuetan aurretik ere horrela egin", azaldu zuen.

Iaz sagardoaren sektoreak 15 milioi eurotik gorako galerak izan zituen pandemiaren ondorioz, eta hori berreskuratzea ezinezkoa izango bada ere, ostalaritzak aurten hobeto funtzionatuko duenaren itxaropena erakutsi dute sagardogileek.

2

2020ko uztan bi milioi pasa kilo sagar bildu dituzte.

1,2

Sagar kopuru horrekin, 1,2 milioi litro sagardo ekoitzi dira Euskal Sagardoaren barruan, iazkoaren herena.

48

Euskal Sagardoak Gipuzkoa, Bizkaia eta Arabako 48 sagardotegi biltzen ditu gaur egun eta 248 sagargileren sagarra erabiltzen da.

"Botiletako txartelek upelaren zenbakia edo bestelako informazioa eskainiko dute"

Euskal Sagardoako koordinatzailea

Oraingo dekretuak indarrean jarraitzen duen artean, sei pertsonako taldeak osatuko dira gehienez eta 20.00etan itxiko dituzte sagardotegiak