Caritas Gipuzkoak "bere ahalegintxoa" egingo du bihar ikasleek etxean prestakuntza bermatzeko moduko material informatikoa izatea Donostian, mila errege-opil zati banatuz. Helburua garbia da: egoera zaurgarrian dauden familietako ikasleek pairatzen duten "arrakala digitala" arintzeko ekipoak erosteko dirua biltzea.

Caritas Gipuzkoaren administratzaile Kontxi Elespek aurkeztu zuen atzo ekimena, ehun "opil solidarioak" egingo dituen Rafa Gorrotxategi gozogilearekin batera. Bat egin dute, gainera, Gaztelubide, Zubigain eta Union Artesana elkarte donostiarrek, baita Eroski enpresak ere.

Errege-opil solidarioaren bigarren edizio honetan, "gizartea haur eta gazteen bazterketaren eta pobreziaren aurkako borrokan inplikatu" nahi du Caritasek, "bazterkeria hori eragiten duten arrazoien inguruan sentsibilizatu" eta "adingabeen bizi-baldintzak hobetzeko" garatzen dituen proiektuei laguntzeko dirua bildu.

Opil zatien salmenta 10.00etatik 14.00etara izango da gaur, Donostiako Gipuzkoa plazan. Caritaseko boluntarioek bertan banatuko dituzten poltsetan, irabiaki bat, katiluan prestatzeko bidezko merkataritzako txokolate zorro bat, errege-opil zati bat eta hainbat sorpresa emango dituzte. Ekimenean parte hartzen duten pertsonek ezin izango dituzte bertan kontsumitu inolaz ere, COVID-19aren aurkako segurtasun-neurriak medio.

Ekimenaren sustatzaileen iritziz, pandemia egoeran, jarduera hau "burua altxatzeko" modu bat da, "birus hilgarri horren hedapena geldiarazteko, norberarengandik hasi eta besteak ere zaindu behar ditugulako". Aldi berean, "oso errotuta dagoen tradizio batean" murgiltzen gaituela nabarmendu zuten, eta "errealitate ahulenetatik gertu egoteko aukera eta laguntzen jarraitzeko ahalegintxoa" eskaintzen dizkigula.

Opil solidarioak "azken hilabete hauetako elkartasun bizipena" jaso nahi du, eta "herritarren ekintza konprometituaren eta justizia sozialaren aldeko hainbat eragileren arteko sare-lanaren garrantzia nabarmendu".

Kontxi Elespek azpimarratu zuenez, opil zati bat erostea "hurbiltasun keinua" izango da behartsuenekiko, eta "elkartasunezko laguntza txiki bat".

Helburua 2.000 euro inguru biltzea izan arren, azkenean kopuru hori gainditzeko aukera handia dagoela ere esan zuen, zatien ordainketa hori dohaintza izango delako eta pertsona batzuek diru gehiago eman ohi dutelako.