- SATSE, ELA, LAB, CCOO, UGT eta ESK sindikatuek manifestazioak egin zituzten atzo Donostian, Bilbon eta Gasteizen, osasun sistema publikoaren “egoera larria” salatzeko eta Osakidetzaren “egiturazko arazoei irtenbidea” eskatzeko.

Sindikatuek salatu dutenez, abenduaren 14an Gotzone Sagardui Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuarekin “premiazko bilera” eskatu zuten gai horiek aztertzeko, eta oraindik ez omen dute erantzunik jaso.

Halaber, pandemia honekin “langileak eta osasun sistema publikoa bera proban jartzen” ari dela esan zuten, eta “aspalditik datozen gabezia estrukturalak agerian” gelditzen ari direla, “Osasun Sailak ez baitu gai horri heltzeko eta konponbideak jartzeko borondaterik”.

Mahai Sektorialaren azken bileratik bost hilabete igaro izana deitoratu zuten erakunde sindikalek, eta azaroaren 26an eta abenduaren 10ean egindako bileren ostean egiaztatuta geratu omen da “Osakidetzak ez duela inolako borondaterik gure osasun publikoak pairatzen dituen egiturazko arazo larriak behingoz aztertzeko eta konpontzeko”.

Kutsatzeak hasi eta zortzi hilabetera, “Osakidetzak argi eta garbi erakutsi du pandemiari aurre egiteko duen plan bakarra langileak zukutzen jarraitzea dela”, salatu zuten sindikatuek.

“Hitzetatik ekintzetara pasatzeko eskatzen diegu bai Osakidetzari eta baita Osasun Sailari ere. Osakidetzan ezinbesteko diren premiazko konponbideak martxan jartzen ez badira, mobilizazioak areagotuko egingo ditugu “, azpimarratu zuten.

Sindikatuek mobilizazioak deitu dituzte abenduko asteazkenetan eta urtarrileko ostegunetan, eta 2021eko urtarrilaren 28an greba egingo dute.