Euskalgintzako hainbat eragilek, Kontseiluaren baitan bilduta, agerraldia egin dute gaur botere judizialetik etorritako azken erabakien aurrean kezka eta salaketa plazaratzeko, eta, aldi berean, abenduaren 27an Bilboko Miribilla auzoan dagoen Bilbao Arena euskaltzalez betetzeko deia egiteko. Kontseiluaren esanetan, "une honetan euskararen normalizazioaren aurkako oldarraldi judizialaren fase gordinenaren aurrean gaude, eta egoerak erantzun sozial sendoa eskatzen du".
Kontseiluko zuzendaritza batzordeak , AEK, Berria, Elhuyar, Elkar, Euskal Herrian Euskaraz, Euskal Herriko Ikastolak, Euskal Konfederazioa, Errioxako eta Nafarroako IKA eta Taupa Mugimenduarekin batera, salatu du azken asteetan epaitegietatik iritsi diren mugimenduek atzerapauso nabarmena dakartela euskararen biziberritze prozesuan. Nabarmendu dutenez, epai eta erabaki horien atzean hizkuntza-ideologia supremazista bat dago, gaztelaniaren nagusitasuna bermatu eta euskara bigarren mailako hizkuntza gisa finkatu nahi duena.
Egoera
Agerraldian azaldu dutenez, egoeraren abiapuntua Euskararen Egunaren biharamunean etorri zen, EAEko Auzitegi Nagusiak iragarri zuenean Espainiako Konstituzio Auzitegira joko zuela Euskal Enplegu Publikoaren Legearen 187.5 artikulua aztertzeko, hizkuntza-eskakizunak arautzen dituen artikulua Konstituzioaren aurkakoa ote den erabakitzeko. Handik gutxira, auzitegi berak, CCOO sindikatuaren helegitea onartuta, Eusko Jaurlaritzak onartutako kontratazio irizpideak indargabetu zituen; irizpide horien helburua zen azpikontratatutako enpresa pribatuek zerbitzu publikoak eskaintzerakoan euskararen erabilera sustatzea.
Kontseiluaren iritziz, "erabaki horiek ez dira kasu isolatuak, baizik eta norabide politiko argia duen oldarraldi judizial baten adierazpenak". Horren aurrean, euskaltzaleei mobilizatzeko deia egin diete, eta abenduaren 27an Miribillako Bilbao Arena oldarraldi judizial eta politikoaren aurkako hesi bilakatzeko helburua jarri dute mahai gainean. Deialdiaren bidez, euskararen aldeko konpromiso soziala ikusgarri egin eta hizkuntza-politika aurrerakoiak defendatzeko beharra azpimarratu nahi dute.
Abenduaren 27ko ekitaldiak "protesta hutsa baino gehiago" izan nahi duela adierazi dute antolatzaileek: euskararen etorkizunaren aldeko adierazpen kolektibo eta kontzientzia-pizgarri izatea da xedea. Ekimenaren inguruko informazio guztia pizkundea.eus webgunean dago eskuragarri.