- Garuneko tumore baten ebakuntza egiten dieten pazienteen eragin kognitiboak saihesteko, minbiziaren aurkako Gipuzkoako Elkarteak, AECC Gipuzkoak, ikerketa-proiektu bat bultzatuko du 300.000 eurorekin datozen hiru urteetan. Proiektua Manuel Carreiras doktoreak zuzenduko du, BCBLn garatuz (Basque Center on Cognition, Brain and Language).

Pazientearen jarraipen kognitiborako sistema hobetzea da helburua, kirurgia egin aurretik, bitartean eta ondoren; baita eredu prediktiboak sortzea ere, ebakuntza egin ondoren garuneko funtzioetan arazoak izateko arriskua murrizteko.

AECC Gipuzkoatik azaldu dutenez, euskal ikerkuntza zentroak garatuko duen proiektu honek maila baxuko gliomak ikertuko ditu, "garaiz atzeman ezean gaizto bihur-tzeko probabilitate handia duten tumoreak", alegia. Tankera honetako patologien aurrean, gaixoari esku hartzeko erabiltzen den prozedura estandarra "pazientea esna" izeneko kirurgia da. Horrelakoetan, ebakun-tza erdian esnatzen da gaixoa, zenbait zeregin egin ditzan; kirurgialaria, bitartean, tumorearen inguruko garuneko hainbat eremu estimula-tzen aritzen da, pazienteak behar bezala egiten dituen ikusteko. Zeregin horiek objektuen marrazkiak ezagutzea eta izendatzea edota ekintzak izan ohi dira. Hala, neurozientzialariak une horretan bertan egiazta dezake esku hartutako ehun horri eragiten ari zaiola, eta ez ateratzea erabaki dezake, onkologia-pazientearen ebakuntza-osteko ondorio kognitiboak saihesteko.

Ikertzaileek mota horretako protokolo sakondu nahi dituzte hainbat prozesu kognitibotarako. Gainera, gai izan nahi dute "ebakuntzaren emaitza aurreratzeko, aurretiazko erregistroetatik abiatuta, horiei ikaskuntza-algoritmo konplexu bat aplikatuko baitzaie, pazientearen gaitasun kognitiboa aurreikusi ahal izateko".