- Orain arte, Everesten hegoaldeko isurialdea bere mugetan duen Katmanduk 8.848 metroko altuera onartzen zuen, nazioarteko bermea zuen eta Indiak 1955ean egindako neurketa errespetatuz. Pekineko agintarientzat berriz, mendiak 8.844,43 metro neurtzen zituen, eurek 2005ean egindako azken neurketaren arabera.

Honenbestez, bi herrialdeak, Nepal eta Txina, lehen aldiz jarri dira ados Everesten altuerari dagokionean, britainiarrek 1849an lehen aldiz neurtu zutenetik munduko sabaiaren inguruko eztabaidari amaiera emanez.

Iragarpen bateratu horrekin, bi herrialdeen arteko adiskidetasuna "altuera berrietara" iritsiko omen da, ekitaldian parte hartu zuten bi herrialdeetako agintariek azpimarratu dutenez; lankidetza estu hau azken urteotan handituz joan da, eta ez dute batere begi onez ikusten Pekinen arerio den hegoaldeko India erraldoian.

"Nepaldarrontzat guztiontzat, hau oso une berezia da. Sagarmatha mendia (Everesten izena nepaleraz), Qomolangma (tibeteraz), Nepal eta Txinaren arteko harreman onaren eta etengabeko adiskidetasunaren sinbolo gisa mantendu baita ", adierazi du Gyawali ministroak.

2017an hasi, eta Xi Jingping Txinako presidenteak 2019ko urrian Nepalera egindako bisitan gauzatu zen egitasmo honetan, Katmanduk lehen aldiz parte hartu du mendiaren neurketan.

Artean munduko mendirik garaiena zela ez zekitenean egindako lehen neurketetan, kalkulu trigonometrikoak erabili zituzten, eta garai hartan izendatu zuten XV tontorra Everest, ikerketa-buru zen geografo britainiarraren abizena hartuta.

2005ean, Topografia eta Kartografia Bulego txinatarrak gailurra berriz neurtu zuen GPS ekipamendua eta radarrak erabiliz. Orduan ezarri zuten bere altuera, hain ezagun zena baino ia lau metro beherago, mendiaren tontorra estaltzen duten hiru metro elur kenduta, geruza hori baldintza klimatikoen arabera aldatu egiten dela argudiatuz. -