Azken urteotan eman diren aurrerapausoak nabariak diren arren, pandemiak agerian utzi du euskararen zaurgarritasuna hainbat esparrutan. Azpimarratzekoa da hezkuntzan gertatutakoa: aurrez aurreko eskolak eten zirenean, haur eta gazte askok euskararekin zuten lotura galdu egin zuten. Euskararen alorrean lanean ari diren erakundeen ordezkariek euskara hurrengo hilabete eta urteetan krisitik irteteko garatuko diren estrategien parte izan dadila aldarrikatu dute, hiztunen komunitatea areagotzeko eta aktibatzeko konpromisoari eutsiz.

Andres Urrutia euskaltzainburuaren esanetan, osasun krisiak "eragin gogorra izan du gizartean oro har, eta euskalgintzaren baitan ere moteltze bat ekarri du". Bere esanetan, "sekulako ahalegina" egin beharko da aurrerantzean egoera gainditu eta lehengora bueltzako. Kike Amonarrizek, Euskaltzaleen Topaguneko lehendakariak, pandemiak euskara bidegurutzean dagoenaren ideia indartu duela uste du. "Ikusi dugu sektore eta eremu batzuetan hizkuntzaren egoera zein zaurgarria den", adierazi du. Paul Bilbao Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluko idazkari nagusiaren aburuz, "krisiak egoera ahulago batean dagoenari gehiago eragiten dio". Horrez gain, "lehentasunaren izenean, hizkuntza gutxituetako hiztunak albo batera geratzen direla" nabaritu duela aipatu du.

Eraginak hamaika izan dira. "Hezkuntzaren alorrean, haur eta gazte askok euskararekin harremana zuten gune bakarra eskola zen, eta, ingurune erdaldunetakoak izanik, euskararekin zuten kontaktua galdu egin dute", azaldu du Amonarrizek. "Bagentozen kezka batetik, ikastetxeetako hizkuntza gaitasunarekin zerikusia zuena. Bat-batean haur eta gazte asko hainbat hilabetez euskara arnastu gabe egon behar izateak ondorioak utzi ditu. Hizki larriz idazten diren ondorioak dira. Gure normalizazio prozesuaren zati handi bat jokatzen dugu belaunaldi berri euskaldunekin. Egoera errebisatu egin behar dugu", agertu du Bilbaok.

Enpresetan ere, euskararen erabilerak atzera egin duela aipatu du Amonarrizek, "urgentziaren aitzakiapean". Horregatik, euskara erabiltzeko mekanismoak ez zeudela "behar bezala jorratuta" uste du. Kontseiluko idazkari nagusiak pandemiak enpresetan eta merkataritzan utziko dituen ondorioak euskarak ere pairatuko dituela uste du. "Hain justu orain ari ginen eremu sozioekonomikoa euskalduntzeko jauzia ematen. Ea nola egiten dugun orain euskararena kapritxo bat ez dela ohar daitezen", azaldu du. Itxialdiak eskubide urraketak ekarri zituela gaineratu du. "Agerian gelditu zen euskaldunoi normalean baino gehiago urratu zitzaizkigula eskubideak. Ez zen kontuan hartu, adibidez, zein garrantzitsua zen osasun informazioa berezko hizkuntzan jasotzea", aipatu du Bilbaok.

Bestelako eremuetan ere nabaria da eragina. Hala nola kulturarekin zerikusia duten ekimenetan. "Hainbat ekitaldi bertan behera gelditu dira, eta beste batzuk egokitu egin behar izan dira", esan du Topaguneko lehendakariak. Euskaltzaindiaren kasuan, bereziki nozitu dute. "Urtean zehar antolatzen ditugun ekitaldiak garrantzitsuak dira, ahalbidetzen dutelako gizartearekin harremanetan etengabe egotea. Hori egin ezin dugun bitartean beti egongo gara motz eta herren", adierazi du Urrutiak. Harreman sozialetan izan duen eraginaz galdetuta, Paul Bilbaok "jendea biltzea oinarri duten proiektu asko", ikastolen aldeko jaiak, esaterako, bertan behera gelditu direla gogoratu du. "Hizkuntza gutxitua garen heinean, komunitate bat garela erakustea gogoko dugu. Krisiaren ondorio bat hori ezin irudikatzea da. Ikusezintasun bat gertatu da", azaldu du.

Hala ere, ez da dena bertan behera geratu, mugak muga, Euskaraldiak aurrera egin baitu. "Koronabirusak arrazoi gehiago eman ditu Euskaraldia egiteko, agerbide bat izan da erakusteko badagoela euskararen biziberritzerako herri gogo sendo eta zabal bat. Baita krisiaren irteerak ezin duela euskara baztertu ere, aitzitik, euskara bultzatuz errazago aterako garelako", argitu du Amonarrizek. Bere esanetan, balorazioa "oso positiboa" da, milaka lagunek parte hartu baitute, ia aurreko edizioan beste, eta, gainera, askok lehen aldiz. Bestetik, 25.000 arigune baino gehiago sortu dira. Hortaz, bere iritziz, "hurrengo hilabete eta urteetan dinamika hori indartu eta zabaltzeko bultzada bat da".

Koronabirusa ez da euskarak bere normalizazio prozesuan aurkitzen duen lehen egiturazko oztopoa. Baina 2008ko krisia, esaterako, ezberdina izan zela uste du Urrutiak. Bere esanetan, orduan ez zegoen funtsik, dirurik. "Orain arazoa ez da baliabiderik ez dagoela, ez bada baliabide horiek gizarteratzeko eta zabaltzeko arazoak daudela", aipatu du euskaltzainburuak. Amonarrizen aburuz, pandemiak eragina izango duela ikusten baldin bada ere, erakundeen eta euskalgintzaren artean kezka konpartitu bat dagoela ere nabari da: euskalgintza zaintzeko ardura. Hala ere, oraindik beharrak handiak direla uste du, eta ahaleginak egiten jarraitzea premiazkoa dela. "Aurreko krisian egin genuena egin beharko dugu: ondo asmatu eta lehenetsi", adierazi du Urrutiak. Hala, herritarrei zerbitzua emateko diren tresnak hobetsi behar direla uste du.

Genero ikuspegiaren moduan, euskara ere zeharkako lerro bat izan behar dela defendatu du Paul Bilbaok. "Politika guztietan kontuan hartu behar da. Eta hizkuntza politika ez da bakarrik egiten dena, egiten ez dena ere bada. Iruditzen zaigu lanketa pedagogiko bat egin behar dela sail guztietan koka dezaten", argitu du. "Bestetik, ingurune digitalari dagokionez, belaunaldi berriak are gehiago pantailizatu dira, eta horri ere erraparatu beharko zaio", esan du. Euskarak "hiztunak, espazioak eta tresnak" behar dituela adierazi du. Hau da, ikasleen gaitasunekin zer gertatzen den errebisatzea eta neurriak har-tzea, aisialdia espazio gisa babestea kultura plazara eramateko eta, tresnei dagokienez, atzera pausoak ez ematea.

Andres Urrutiak irabazitakoa galtzeko arriskua beti dagoela dio, ez bakarrik pandemiagatik. "Arriskua beti dago hor baldin eta gu ez bagara konturatzen modu trebean aurre egin behar zaiola. Euskara erabili behar da gizartearen funtzio guztietan, egunero, ez bakarrik Euskararen Egunean". "Euskarak aurrera egingo badu, ezinbestekoa da herritarren aktibazioa, erakundeen bultzada eta era guztietako eragileen konpromisoa", gaineratu du Amonarrizek.

"Koronabirusa agerbide bat izan da erakusteko badagoela euskararen biziberritzerako gogoa"

Topaguneko lehendakaria

"Arazoa ez da baliabiderik ez egotea, baizik eta baliabide horiek gizarteratzea"

Euskaltzainburua

"Euskaldunoi normalean baino gehiago urratu zitzaizkigun eskubideak itxialdia izan zenean"

Kontseiluko idazkari nagusia