Gaur Euskararen Eguna dela eta, euskal kirolariek euskararekin duten harremana aztertu nahi izan du egunkari honek, eta horretarako kirol desberdinetako hainbat jokalari profesionalekin hitz egin dugu: IDK Euskotren saskibaloi taldeko Lara González, Bidasoa eskubaloi taldeko Jon Azkue, Realeko emakumezkoen taldeko Ane Etxezarreta, Ordizia Rugby klubeko Asier Álvarez de Eulate, Ceratizit-WNT txirrindulari taldeko Ane Santesteban eta Baiko enpresako Iñaki Artola pilotaria.

Gainera, 'Euskararen Inkesta' txiki bat ere erantzun digute, euskararen munduan erabat murgilduz kirolari profesionalen zaletasunak zein diren ezagutu dezagun.

"Urtean 365 euskaraz eskatzetik 15 egun eskatzera pasa gara"

- Asier Álvarez de Eulate (Ordizia, 1987) Ordizia Rugby taldeko jokalaria da. Egunerokotasunean euskaraz bizi da, eta Altsasuko ikastolako Gizarte Zientzietako irakasle denez, lanean ere erabat euskaraz egiten du. "Koadrilan ere denok ikastolako seme-alabak gara eta guztiok dakigu euskaraz", adierazi dio egunkari honi Álvarez de Eulatek.

Errugbi taldean kanpoko jende asko dute: madrildar bat, Hego Afrikako hiru, Zeelanda Berriko bat eta lau argentinar, besteak beste. Horrek, komunikatzeko hizkuntza nagusia, "tamalez", gaztelania izatera behartzen ditu, eta tarteka baita ingelesa ere. "Batzuk badarama-tzate bizpahiru urte hemen eta zoritxarrez, ez diegu euskara ikasteko nahikoa bultzadarik eman. Ez da beraiek ez dutela erabaki, baizik eta guk ez ditugula horretara gehiegi animatu. Hori da nire irakurketa", nabarmendu du.

Ordizia Rugby taldeak Euskaraldirako ariguneak sortzea erabaki du, baina dinamika hori urte osora zabaldu beharko litzatekeela uste du: "Kluben ardura izan beharko litzateke ahobizi eta belarriprest dinamika hau 15 egunetan geratu beharrean, urte guztian zehar zabaltzea. Aurrekoan norbaitek esan zuen urtean 365 egun euskaraz eskatzetik 15 egun euskaraz eskatzera pasa garela".

Gainera, taldean badituzte euskara ikasi nahi duten kideak ere. "Madrildarrak, mugikorrean euskarazko hitzekin osatutako zerrenda luze bat erakutsi zigun lehengo egunean, eta egunero pare bat hitz gehitzen joaten da etxean errepasatzeko", azaldu du Álvarez de Eulatek.

Izen bat. Aitor.

Abesti bat. Euskal Herrian euskaraz (Oskorri).

Liburu bat. Koaderno handia (Agota Kristof).

Hitz bat. Bizitza.

Oroitzapen bat. "Txikitan Nafarroako herri txiki batera joaten ginen eta bertan euskaraz hitz egitea ez zen erraza izaten. Zorionez, gaur egun gutxinaka-gutxinaka euskalduntzen ari da bertako jendea".

"Egoerak ingelesez hitz egitera bultzatzen zaitu"

Lara González (Pasaia, 1994) IDK Euskotren saskibaloi taldeko kapitaina da. Egunerokotasunean ez du euskara erabiltzen, gurasoek ez dakitelako. "Etxean ez dut euskaraz hitz egiten, baina izebarekin bai", azaldu dio egunkari honi Gonzálezek.

Lagunartean ere euskara "oso noizbehinka" erabiltzen dute gaztelania barneratuago dutelako; hala ere, badira IDK-ko kapitainak euskaraz hitz egiteko baliatzen dituen espazioak ere.

Unibertsitatean Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzako Gradua ikasten ari da. "Txikitatik ikasketa guztiak euskaraz egin izan ditut eta etorkizunean nire helburua hemen lan egitea denez, unibertsitatea ere euskaraz egitea erabaki nuen. Gainera, guztia gaztelaniaz ikasten hastea konplikatua izango litzateke niretzat", adierazi du.

Saskibaloi taldean hiru bakarrik dira euskaldunak, eta kanpoko jende asko dagoenez, "nahiko zaila" omen da euskaraz komunikatzea. "Egoerak beste hizkuntza batzutan hitz egitera bultzatzen zaitu, ingelesa adibidez", esan digu.

Taldeko hizkuntza ofiziala euskara izatea konplikatua izan arren, badute horretan laguntzen duen kide bat. Sara Iparragirre oriotarrak beraiekin jokatzen zuen lehen, eta orain bi urte Iraurgi taldera pasa zen. "Sarak astean behin gurekin entrenatzen du orain, eta bera etortzen denean, egunero euskaraz hitz egitera ohituta dagoenez, gu ere horretara bultzatzen gaitu", azpimarratu du.

Izen bat. Intza.

Abesti bat. Ilargia (Ken Zazpi).

Liburu bat. Sorgin belarra (Toti Martinez de Lezea).

Hitz bat. Bizitza.

Oroitzapen bat. "Txikitan eskolan euskaraz ikasten nuenez, bertan bizitako egoera pila bat etortzen zaizkit gogora. Gainera, saskibaloi taldean ere egin izan ditugu euskararen aldeko ekimenak ikastetxe desberdinetako haurrekin eta oso oroitzapen politak ditut".

"Euskaraz bizi garela esaten diegu kanpotarrei"

Jon Azkue (Orio, 1994) Bidasoa eskubaloi taldeko jokalaria da. Oriotarra izanik, etxean eta lagun artean euskara erabiltzen du beti; taldean zailagoa omen da, ordea. "Kanpotar asko dago eta entrenatzailea asturiarra denez, beraientzat errazagoa da gaztelaniaz komunikatzea", azaldu dio egunkari honi Azkuek.

Taldeko hizkuntza nagusia gaztelania bada ere, euskaldunen artean beti euskaraz egiten omen dute eta saiatzen omen dira hori ez galtzen. "Urtero etortzen diren kanpotarrei aurrena garbi azaltzen diegu hemen guk beste hizkuntza bat ere badugula, euskaraz hitz egiten dugula eta euskaraz bizi garela", azpimarratu du Azkuek.

Eta erantzuna ona izaten da, taldekideek euskararekiko interesa berehala erakusten baitute. "Beti ikasten dituzte hitz solteak: zenbakiak batetik hamarrera, agurtzea edo egun onak ematea, adibidez". Gainera taldekide kanpotar batzuk ume txikiak ere badituzte eta ikastolan euskaraz ikasten dute. "Aita direnek beti esaten digute haurrek zerbait esan dietela, baina ez dakitela zer den. Beraz, batzuetan grabaketak bidaltzen dizkigute galde-tzeko ea umea zer esaten edo kantatzen ari den", esan digu.

Azkue Kirolaren Zientzietako gradua ikasten ari da euskaraz eta ez du sekula beste hizkun-tza batean ikastea planteatu, azken finean, euskara baita bere hizkuntza.

Izen bat. Unai.

Abesti bat. Udazken koloretan (Benito Lertxundi).

Liburu bat. Hamaseigarrenean, aidanez (Anjel Lertxundi).

Hitz bat. Paradoxa.

Oroitzapen bat. "Espainiako selekzioarekin joan nintzen lehenengo aldian gaztelaniaz ez nin-tzen batere ondo moldatzen eta ia astebete isilik pasa nuen".

"Atzerrian gure kulturaz interesatzen dira"

Ane Santesteban (Errenteria, 1990) Ceratizit-WNT taldeko txirrindularia da. Euskara ama hizkuntza ez duen arren, txikitatik ikasi izan du bere herriko Orereta ikastolan; eta ahizparekin, ilobarekin eta lagunekin ere beti aritu izan da euskaraz.

Kirolean, aldiz, nekez egin ahal izaten du euskaraz, azken urteetan kanpoko taldeetan aritu baita. "Egia esan, orain denbora asko pasatzen dut etxetik kanpo. Azken zortzi urteetan beti kanpoko talderen batean ibili naiz: Italian, Alemanian eta orain Australiako talde batekin sinatu dut", azaldu digu Santestebanek.

Azken urteotan taldean euskaldunik izan ez badu ere, atzerrian dagoenean beti saiatzen da hemengo kultura eta euskara aurkezten. "Nagoen lekuan nagoela nire taldekide guztiek jakingo dute Euskal Herrian euskaraz hitz egiten dugula, eta gure kulturaz eta jatorriaz interesatzen dira", esan du.

Ikasketei dagokionean, Mur-tziako unibertsitate baten lagun-tzari esker gazteleraz ari da Marketinga ikasten.

Izen bat. Nahia.

Abesti bat. Ilargia (Ken Zazpi).

Liburu bat. Amaren eskuak (Karmele Jaio)

Hitz bat. Maitasuna.

Oroitzapen bat. Nire mutil-laguna galiziarra da eta nire ilobak ez zion ulertzen hitz egiterakoan.

"Denek ulertzeko askotan gaztelaniara jotzen dugu"

Ane Etxezarreta (Beasain, 1995) Realeko emakumezkoen taldeko jokalaria da. Bere ama hizkuntza euskara da, baita errazen egiten zaiona ere. "Ahal dudan guztietan euskaraz hitz egiten saiatzen naiz", adierazi dio egunkari honi Etxezarretak.

Familian euskaraz egiten dute beti eta koadrilan askok gaztelaniaz hitz egiteko joera badute ere, Realeko jokalaria euskaraz ahalik eta gehien egiten saiatzen da: "Azken finean badakite eta ulertzen dute, beraz saiatzen naiz euskaraz hitz egiten", esan du.

Taldean hainbat lekutako jokalariak dituzte: besteak beste, Ameriketako Estatu Batuak, Finlandia, Valentzia, Katalunia, Mallorca, Madril, Zaragoza, Galizia edota Errioxako jendea etorri da Gipuzkoara Errealean jokatzera.

"Taldean giro erdalduna da nagusi. Azken finean, kanpoko jende asko dago eta beraiek elkarrizketatik kanpo ez uzteko askotan gaztelaniara jotzen dugu", aitortu du Etxezarretak.

Hala ere, taldekide batzuk saia-tzen omen dira ulertzen edo hitz batzuk barneratzen euskaraz hitz egiten dutenean, baina "zaila" egiten zaiela azpimarratu du beasaindarrak: "Batzuk intentzioa erakusten dute euskarazko oinarrizko gauza batzuk ikasteko eta galdetu izan didate zerbait nola esaten den. Horrelakoetan, ni poz-pozik erakusten saiatzen naiz", azpimarratu du.

Etxezarretak betidanik burutu ditu ikasketak euskaraz, baita Kirolaren Zientzietako gradua ere.

Izen bat. Aratz.

Abesti bat. Elektrizitatea (Zea Mays).

Liburu bat. Obabakoak (Bernardo Atxaga).

Hitz bat. Egurra.

Oroitzapen bat. "Reala den bezalako talde euskaldun batekin Erreginaren Kopako finala irabazi ondoren nire gurasoei eman nien besarkada".

"Hasieran dezente egiten genuen gaztelaniaz"

Iñaki Artola (Alegia, 1994) Baiko enpresako pilotaria da. Oso ingurune euskalduna da berea, eta egunerokotasunean euskaraz egin ahal izateko "zortea" du. Alegiako pilota eskolak beti eduki izan du harreman estua euskararekin eta gure hizkuntzarekin lotutako herriko ekimen asko pilota eskolako kideek bultzatu izan dituzte. "Hein handi batean, bertan garatu dut euskararekiko kontzientzia", azaldu du Artolak.

"Lan munduan, ordea, gogoan dut orain sei urte profesionaletara pasa nintzenean gaztelaniaz dezente egiten genuela. Pilotari asko zeuden euskaraz egiteko ohiturarik ez zutenak eta orain, aldiz, jokaera hori pixka bat aldatu egin dela esango nuke", gehitu du.

Bere taldeko pilotariak orokorrean oso gazteak dira gaur egun, eta errioxarrak aparte, denek hitz egiten dute euskaraz. "Beraz, egunerokotasunean pilotan ere euskaraz egin dezaket", adierazi du. Euskararekiko bere konpromisoa nabarmena da: Euskaraldian parte hartzen ari da eta bere bizitzako une jakin batean, ETBri elkarrizketak euskara hutsean eskaintzea erabaki zuen.

Alegiako pilotaria euskaraz Filosofia ikasten aritu zen urte batzuetan. "Aukera bazegoen euskaraz ala gaztelaniaz ikasteko, eta nik beti euskaraz erraztasun handiagoa izan dudanez, horrela egitea aukeratu nuen", azaldu du Artolak.

Izen bat. Garazi.

Abesti bat. Bizitzak (Gari).

Liburu bat. Narrazioak (Joseba Sarrionandia).

Hitz bat. Gozo.

Oroitzapen bat. Txikia nintzela zozketa bat egin zen eskolan Korrikako lekukoa nork eramango zuen jakiteko. Niri egokitu zitzaidan eta oso polita izan zen egun hori.