- Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak eta Emakundek Feminismoa eta Berdintasuna hiztegia aurkeztu zuten atzo. Instituzio horien enkarguz, Elhuyar Fundazioa arduratu da lana burutzeaz eta feminismoaren eta berdintasunaren alorreko oinarrizko terminoak, kontzeptuak eta definizioak modu zehatzean eskaintzen ditu.

Euskadiko Artxibo Historikoan egin zuten aurkezpen prentsaurrekoa eta bertan izan ziren Miren Dobaran Hizkuntza Politikako sailburuordea, Izaskun Landaida Emakundeko zuzendaria eta hiztegiaren lanketaren prozesu desberdinetan parte hartu duten Itziar Diez de Ultzurrun eta Lorea Agirre.

Euskararen terminologia gaurko-tzeko eta normalizatzeko pertsonen arteko harremanetan beharrezkoak diren kontzeptuak eta terminoak euskaraz finkatzea da hiztegiaren helburua.

"Hiztegi hau beharrezkoa da une honetan, feminismoaren eta berdintasunaren alorreko oinarrizko terminoak eta dagozkien kontzeptu eta definizioak eskaintzen dizkigulako eta gure gizartearen garapenerako eta sexuen arteko berdintasun kultura sustatzen laguntzeko tresna delako", azaldu zuen Dobaranek. "Urrats sendoak emateko" balio duen tresna bat dela ere gaineratu zuen: "Euskara berritzen eta modernizatzen doa egunetik egunera eta normalizazioaren bidean alor guztietako terminologia zehaztea ezinbestekoa da".

Bestalde, hiztegi hau "elkarlanean oinarritzen den egiteko modu baten isla" dela adierazi zuen Landaidak: "Aliantzak behar ditugu. Euskarak behar ditu eta baita berdintasunak ere".

Hiztegia sor-tzeko, Elhuyar emakume aditu talde batekin aritu zen lanean hasieran. Ondoren, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak ad hoc sortutako batzorde tekniko batek aztertu zuen edukia eta azkenik, Euskararen Aholku Batzordearen Terminologia Batzordeko kideen eztabaida eta gogoeten ondoren, adostasuna lortu eta onespena eman zaio hiztegiari.

Feminismoa eta Berdintasuna Euskalterm Euskal Terminologia Banku Publikoan txertatuta dago eta bertan kontsulta daiteke. Gainera, Euskaltermen interfazetik hiztegiaren PDF bertsiora iritsi daiteke.

Aniztasuna eta diferentzia errespetatze. Respeto a la diversidad y a la diferencia.

Aukera-berdintasun. Igualdad de oportunidades.

Genero-ikuspegi. Perspectiva de género.

Hezkidetza. Coeducación.

Kontziliazio. Conciliación.

Sexu-erasoen aurkako protokolo. Protocolo contra las agresiones sexuales.

Ahizpatasun. Sororidad.

Autodefentsa feminista. Autodefensa feminista.

Emakumeen ahalduntze. Empoderamiento de las mujeres.

Emakumeen ikusgaitasun. Visibilización de las mujeres.

Maitasun erromantiko. Amor romántico.

Genero-arrakala. Brecha de género.

Soldata-arrakala. Brecha salarial.

Bortxaketa. Violación.

Eraso sexista. Agresión sexista.

Sexu-jazarpen. Acoso sexual.

Tratu txarren emaile. Persona maltratadora.