Duela ia 500 urte Juan Sebastian Elcanok munduari eman zion lehen itzuliaren erreplika prestatzen dabil urteko Jimmy Cornell itsasontzien kapitain eta kazetaria Sevillan. Belaontzien munduan mito den honek bere energia propioa sortu eta karbono dioxidorik isurtzen ez duen belaontzi elektriko batean egiteko asmoa du.

Sevillako Klub Nautikoan dagoen Aventura zero katamarana aste honetan bertan itsasoratzekoa da Cornell eta beste hiru tripulatzailerekin, duela 501 urte bost ontzik osatutako armadak hasi zuen ibilbide bera egiteko asmoz. Bost ontzi haietatik bakarra itzuli zen, hiru urte geroago, getariarraren agindupean.

Haizeak bultzatuta nabigatzen duenez, belaontziak bere energia propioa sortzen du helize bati esker, kozinatzeko, argiztatzeko eta nabigazio elementuak indarrean mantentzeko adina, azaldu dio Eferi abentura bere baliabide propioekin ordainduko duen Cornell britainiarrak.

Katamarana hasieran aurreikusitako egutegiarekiko atzerapen txiki batekin irtengo da, Sevillan zegoela, tximista batek nabigazio sistema hondatu zuelako. Guztira, 30.000 milia nabigatu nahi dituzte bederatzi hilabetean.

Ekimenarekin, Fernando de Magallanesek hasi eta Elkanok amaitutako lehen zirkunnabigazioaren gertakari historikoa gogoratzeaz gain, ingurumenarekiko kezka "gero eta handiagoa" zabaldu nahi du mundura sustatzaileak, Planeta bat, etorkizun bat-Un planeta, un futuro lelopean.

Horregatik, proiektuari Desafío EL.CA.NO! izena jarri dio, gaztelaniaz Elektrizitatea. Karbonoa. Ez akronimoa osatuz, nabarmendu du BBCn kazetari izandakoak. Aurretik 200.000 itsas miliatik gora eginak ditu belaontzian, munduari hiru itzuli eginda, baita Antartikarako eta Ipar-ekialdeko pasabidean zehar egindako bidaietan ere.

"Abenturazalea naiz", laburbildu du, apaltasunez; baita sasoi onean eta osasuntsu egoteko duen "sekretua" aipatu ere: beti aktibo egotea eta etengabe proiektuak eta abenturak antolatzen eta liburuak idazten jardutea, normalean 60 urte betetakoan "ezer egiten ez duten" eta amaiera etorri dela uste dutenek ez bezala. Tripulatzaileetako batek, Conor Dugan estatubatuarrak azpimarratu du "erraza" dela munduari bira ematea motordun itsasontzi batean, ez hainbeste, ordea, belaz egitea, "jatorrizko bidaiaren antzekoagoa" baita; gainera, Jimmy Cornell bezalako "mito" batekin egiteak sortzen dion "harrotasuna" ere aipatu nahi izan du.

Nazioarte mailan 250.000 aletik gora saldu dituen World Crusing Routes liburuaren egile arrakastatsu hau ez da begira egon azken 38 urteotan: itsasaldi transatlantikoak antolatu ditu, munduari bost itzuli, baita munduari bira emateko lasterketa bat ere; parte-hartzaileak, guztira, 3.000 ontzi eta 15.000 marineletik gora izan direlarik.

Errumanian jaio eta handik Ingalaterrara emigratu zuen Cornellek, Amerika 500 zeharkaldia ere antolatu zuen 1992an, Cristobal Colonen aurkikuntzaren V. mendeurrenarekin. Munduaren lehen itzuliaren erreplika honetan, Cornellek institutu ozeanografikoekin eta ikerketa-zentroekin lankidetzan jarduteko asmoa du, buiak zabaltzeko eta klima-aldaketaren ondorioei buruzko datu meteorologikoak transmititzeko; ikastetxeekin ere lankidetzan arituko omen da, gazteei informazioa zabaltzeko.

Asmoa, Sevillatik Kanariar Uharteetara nabigatzea da, ondoren zuzenean Magallanes itsasartera joateko, COVID-19a dela eta ez baitute Brasilen eta Argentinan gelditzeko aukerarik izango.

Handik, Guamera joango dira, Ozeano Barean; gero, Magallanes hil zuten Filipinetara; ondoren, Brunei, Molucas eta Timorrera, eta eskalarik gabe Hegoafrikaraino, munduko lehen itzuliko nabigatzaileek egin zuten bezala. Handik, Cabo Verderaino jarraitu, azkenik Sevillara itzultzeko. Ondoren, Getariara joango dira, Elkanoren jaioterrira.