- Gipuzkoako Senideak, adinekoen egoitzetako erabiltzaileen senitartekoen elkarte gipuzkoarrak, osoko bilkuretan aurkeztutako mozioen bidez, lurraldeko udalei eskatu die konpromisoa har dezatela “zentro publikoetan eta itunpeko zentroetan dauden egoiliarrak eta mendeko pertsonak artatzeko gutxieneko baldintzak” betetzen ez dituzten enpresen aurka egiteko.

Eskoriatzan emandako prentsaurrekoan, Senideak elkarteko bozeramaileek Gipuzkoako udaletan aurkeztu dituzten mozioen berri eman zuten atzo. Mozio horietan azpimarratzen dutenez, adinekoen arreta “lehentasunezko gaia da”, eta, aldi berean baita “premiazkoa” ere, eta ezin da egon “irizpide politiko eta sindikalen gorabeheren menpean”.

Bide batez, Aldundiari eskatu diote adinekoen egoitzetako “lan gatazka konpontzeko beharrezko neurriak” har ditzala ahalik eta arinen. Gainera, adinekoen egoitzetan, “kobratutako kuoten eta eman gabeko zerbitzuen arloan portzentajezko zatiak itzultzeko konpromisoa bete dezala” ere aldarrikatu dute, “egoiliarren eta mendeko pertsonen eskubide hau ukatzen ari baitzaie”.

Era berean, “arreta-ratioak birplanteatzeko” eskatu diote Foru Aldundiari, “ez soilik errentagarritasun ekonomikoaren irizpideei jarraituz, baizik eta mendekotasuna duten pertsonei eta egoera zaurgarrian daudenei zerbitzua emateko irizpideei jarraiki”.

Elkarteak mahai bat deitzeko eskatu zion Aldundiari, inplikatutako alde guztiak eseri eta “lan-gatazka konpontzeko” ; eta udalei, berriz, sektoreko patronalei eska diezaietela,“arazo honen konponbiderako benetako ahalegina”.